KRONIKA | Jean Haritschelharren heriotza
Euskararen eta euskal kulturaren alde bizi osoko borroka omentzeko unea
Jean Haritschelhar euskaltzainburu eta euskaltzain ohiari azken agurra egiteko aukera izan zuten atzo Euskal Herriko kulturaren eta euskalgintzaren inguruko hainbat lagunek. Euskaltzale amorratua, aitzindaria eta indar handiko gizona goraipatu zuten.
Ainize BUTRON
«Euskaltzale amorratua», «euskararen aldeko defendatzaile sutsua» edo «aitzindaria» izan ziren baliatu ziren adjektiboak, Haritschelharrek arlo ezberdinetan egindako ekarpenak goraipatzeko. Baionako Iker ikerketa zentroa, euskarazko ikas materialak kaleratzen dituen Ikas pedagogia zentroa, Euskal Kultur Erakundea eta “Herria” aldizkaria dira, besteak beste, «borrokalari handi» horren «indarrari» esker Ipar Euskal Herrian sortuak izan diren egiturak. Euskaltzainburu ohia Biarrizko klinikan zendu zen, 90 urte zituela, bat-bateko leuzemia batek eramanik.
Atzo, Baionako hil kaperan Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia iritsi zen lehenengo, eta nabarmendu zuenez, heriotzaren ondotik, atzo Euskal Herria bezperan baino «tristeago» esnatu zen. Horrez gain, esan zuen Haritschelharren lana ez zela soilik Euskaltzaindiarentzat «garrantzitsua» izan, «Euskal Herri osorako» baizik. Miren Azkarate, Patxi Goenaga eta Pello Salaburu euskaltzainek jarraitu zioten.
Samina agerian zuela, Azkaratek hartu zuen hitza, Jean Haritschelharrek «utzitako hutsunea» eta «egindako lanaren tamaina» betetzeko «gazte asko beharko» zirela esateko. «Euskal mundu osoan kariñoa zioten. Utzitako hutsunea betetzen saiatuko gara Euskaltzaindian, baina ez da erraza izango», gaineratu zuen.
Xarles Videgain euskaltzainak, bere aldetik, Euskaltzaindian eman dituen 51 urteetan Haritschelharrek «beti euskararen kezka» izan zuela eta «indar handiko» gizona zela adierazi zuen. Elkarte andana baten sortzailea izateaz gain, Baigorriko auzapez izateko denbora ere izan zuela nabarmendu zuen Bidegainek. «Ideiak bazituen, eta ideien alde borrokatu izan da bizi osoan».
Jakes Bortairu AEK-ko koordinatzailearen erranak ildo berekoak izan ziren. «Bizi osoan euskararen alde, elkarteak eta ekimenak sortuz eta aldarrikapenak luzatuz» ibili zela esan zuen.
«Aukera guztiak baliatzen zituen euskararen beharrak plazaratzeko. Zor asko diogu horretan, gune aproposak baitzituen aldarrikapen horiek luzatzeko eta entzuna izateko», azpimarratu zuen. Horrenbestez, euskaltzale bezala egin diezaioketen «omenaldi hoberena» euskararen ofizialtasuna bezalako aldarrikapenekin jarraitzea zela esanez bukatu zuen Bortairuk.
Jean Haritschelhar Baigorrin sortu zen 1923ko maiatzaren 13an, eta 1970etik 1980era sorterriko auzapeza izan zen, IK-ko kide baten hileta elizkizunetara joateagatik kargua uztera behartua izan zen arte.
Horrenbestez, Jean Luis Hariñordoki Laka bertsolariak, eta baigorriarrak hurbiletik ezagutu zuen, sorterriari zion atxikimendua nabarmendu zuen. «Askotan etortzen zen eta lagunak ere bazituen».
Omenaldi xumea
Omenaldi xumea
Euskal Kultur Erakundearen (EKE) lehen erroak finkatu zituen Pizkundea elkartean aritu zen Haritschelharrekin, eta EKE bultzatzeko edo ikastolentzat lege bat sortzeko egindakoa gogora ekarri zituen Lakak. «Parisera igo zen eta garaiko François Bayrou ministroa konbentzitu zuen ikastolak legeztatzeko. Haritschelhar aitzindari paregabea zen, urrun ikusten zuen, eta bera jarraitzeko gogoa ematen zuen», adierazi zuen Lakak.
Atzo eguerdian, hil kaperan elkartu ziren Euskaltzaindiko ordezkariak azken omenaldi xume bat egiteko Jean Haritschelharri. Andres Urrutia euskaltzainburua egiturako arduradunekin, Txomin Peillenekin, Aurelia Arkotxarekin eta Piarres Xarritonekin batera egon zen bertan, eta euskaltzain oso bati dagokion domina jarri zioten gorpuan.
Domina hori ekitaldi handietan soilik baliatzen zela gogoratu zuen Urrutiak, eta xumea bazen ere, «euskara eta euskal kulturaren alde» eramandako borrokaren «sinboloa» zela argitu zuen.
Asko izan ziren atzo, Baionako hil kaperara hurbildu zirenak, azken omenaldia eta agurra egiteko. Euskaltzaindiko ordezkariekin batera, han izan ziren Maite Idirin kantaria, Jokin Apalategi soziologoa, Claude Labat Baionako antropologoa, Etxepare Institutuko Aizpea Goenaga, Rikardo Etxepare Iker zentroko zuzendaria, Pantxoa Bimboire enpresaburua, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara arduraduna. Beraiekin batera, euskaltzale ugari ere bertaratu ziren.