GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Joan da uda...

Eta negua heldu da. Tira oraindik ez, eta gainera tartean udazkena dugu. Ez dugu esango Kolonbiako kontalari batek zioena: «Kolonbian bi urtaro daude, uda eta negua. Uda urte osoan da, eta negua, euria botatzen duenean». Hala ere, uda amaitzear dagoen honetan eta dena bere normalitatera itzultzen ari denean, kezka etortzen zait hemen ez ote den Kolonbiaren kontrakoa gertatzen, alegia, bi urtaro besterik ez daudela, urte osoan negua, eta eguzkia irteten denean, uda. Ez naiz ari eguraldiaz jakina. Arte eszenikoetan aritzen garenok, kontalaritzan kasu honetan, halako urtaro antolamenduan bizi gara, urte osoan negua eta tarteka uda.

Orain uda meteorologikoa amaitzear dagoen honetan, itxaropenak ditugu kultur jarduerek behar besteko garrantzia hartuko dutela. Udako geldialdiak gogoetarako balio izango zuela, kalimotxo gauek ideia berrien zurrunbiloak eragingo zituztela; hondartzako hareak egitasmoak zabaldu; mendi bueltak buruak argitu; bidaia zoragarriak mugak zabaldu. Itxaropena galtzen duenak bizipoza galtzen omen du.

Arte eszenikoetan murgilduta gabiltzanok, kontalaritzan kasu honetan, Kexati Talde Iraunkorraren partaide garela entzun ohi dugu etengabe, eta agian argudiorik izango du horrela ikusten gaituenak. Ez ote dugu ordea kexatzeko arrazoirik? Ekonomiaren gainbeherak zuzenean eta latz jo gaitu. Beste lan sektore bateko partaideak bagina, segur aski normala izango zen kexatzea; baina egiten duguna gustukoa dugunok, eta gainera kobratuz, zer dugu kexatzeko? Zorte ikaragarria omen dugu.

Uda amaitu da, kultur egitarauen egitasmoak martxan jartzen hasiko dira, deiak, espero dezagun, hasiko dira, eta guztia betiko normalitatera itzuliko da uda ostean. Betiko normalitatea, alegia, guretzako segur aski berdin jarraituko duela denak. Kulturgintzak normalitate horretatik atera ezean agian kulturismoan amaituko du.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo