GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Euskal segalariek hemen ere nazioarteko eran maila ona dagoela erakutsi nahi dute Europa aldean

Hego Tiroleko Toblach herrian jokatuko da bihartik igandera bitartean Europako Sega Txapelketa. Hantxe izango da Euskal Herriko selekzioa, bai mutiletan, eta bai emakumezkoetan. Emaitza onak lortzeko itxaropena eraman dute, nahiz eta badakiten irabaztea zaila izango dela.

p040_f01.jpg

Jon LEUNDA

Hego Tirolen jokatuko da gaurtik igandera bitarte Europako Sega Txapelketa. Lehiaketari dagozkion saioak etzi izango dira, baina gaurtik hasiko dira egitarauan antolatutako ekinaldiak. Segalariek, gainera, bihar izango dute belardia ezagutu eta hura probatzeko aukera ere.

Euskal selekzioarekin batera, Hego Tirol, Alemania, Austria, Suitza eta Eslovenia neurtuko dira. Nazioarteko eran izango da txapelketa. Gizonezkoek 100 metro karratuko sail bana izango dute, eta emakumezkoek, berriz, 35 metro karratukoa. Saila ahalik eta azkarren moztu behar da, eta txukun, bestela, zigorrak jasotzen dituzte segalariek.

Alatzne Etxaburua, Alaitz Imaz, Garazi Ezeiza, Ainara Otamendi eta Irati Astondoa izango dira emakumezkoetan Euskal Herria ordezkatuko duten segalariak. Gizonezkoetan, berriz, Bixente Mitxelena, Igor Esnaola, Jexuxmari Goenaga, Eneko Sein, Suharri Irazustabarrena, Julen Gabirondo, Mikel Garaialde, Oier Urkola, Arkaitz Arteaga eta Aimar Garmendia. Faltako dena Joxe Gabirondo da. Gaztelukoak irabazi zuen Euskal Herriko Liga, eta baita Hego Tirolen aritzeko txartela ere, baina zenbait arazo direla medio, ez da izango txapelketa honetan.

Altzo da talde honetako arima. Bera aurten ez da lanean arituko, baina Toblachen izango da, segalariei laguntza guztia ematen. «Nire ustez etxean egin beharreko lanak ongi egin ditugu, seguruenik ere azken urte hauetan egin ditugun ongien, eta itxaropentsu noa bertara», dio Almitza elkarteko kideak. «Hemen, batez ere, buruko lana egin behar izan da. Honek ez dauka gu ohituta gauden segalaritza horrekin zerikusirik. Euskal Herriko Liga egiten dugu, baina oraindik segalariak era honetara lan egiten ez dira ohitu», erantsi du.

Izan ere, azkar ebaki behar izaten da, baina aldi berean txukun ere bai. «Hemen ez dago denbora galtzerik. Oso eremu laburra ebaki behar da, eta han ezin zara geratu sega zorrozten. Atletismoan 100 metroko lasterraldi batean buruan hazka egiten geratzen bazara, ez daukazu zereginik. Hau ere gauza bera da. 100 metro karratuko sail batean, mutilen kasuan, edo 35ekoan, nesken kasuan, sega zorrozten geratzen bazara, akabo, hura joan zaizu. Sega hasi aurretik zorroztu behar da ongi, eta harekin ebaki behar da saila», dio Altzok.

Europako Txapelketa jokatuko den eremua ezagutzen du Zaldibiakoak, udaberrian izan baitziren hura ikusten. «Leku hezea da, beraz belarra freskoa egongo dela uste dut. Azpian, ordea, hondarra dauka. Hau Dolomitetan dago, eta hango lurra den bezalakoa da hau ere. Oso leku teknikoa da. Sega beheregi sartu gabe moztu behar da, bestela sega amostu, eta ez dago zereginik. Gero, belarra ere txukun ebaki behar da. Beraz, hor asmatu behar da, eta hori lortzen duenak, aurrean ibiltzeko aukera asko izango ditu», dio Almitza elkarteko arimak.

Aurrean ibiltzeko ere zer egin behar den garbi dauka gipuzkoarrak. «Mutilen kasuan minutu eta 20 segundoren azpitik ebaki behar da podiumean sartzeko. Denbora horretan saila bota eta zigorrik jaso ez, bestela ez du balio. Nesketan minutuaren azpitik ibili behar da. Hori lortzen duten segalariak aurreneko puntan ibiliko dira», dio.

Gainerako herrialdeak ordezkatuko dituzten segalariak ere ezagutzen ditu Zaldibiakoak: «Hor puntan dabiltzanak ezagunak dira. Suitzarrak beti izaten dira maila handia ematen dutenak, baina gero beti agertzen dira ezusteak ere, eta guk hor sartu nahiko genuke. Ea lortzen dugun», dio.

Ekitaldi hau, ordea, ez da izaten kirol kutsua bakarrik duen zerbait, gauza gehiago da, herrialde ezberdinetako kulturak elkar ezagutzeko, eta nahasteko ere balio izaten du. «Bakoitzak bere herrialdeko gauzak eramaten ditu han erakusteko. Guk aizkorako saio bat ere egingo dugu igandean, eta dantzariak ere badoaz. Azken batean elkar ezagutzeko, eta beste lekuetan egiten dutena ezagutzeko ere balio izaten du. Oso asteburu aberatsa da alde guztietatik», gaineratu du Almitza elkarteko ordezkariak.

Euskal segalaritzan gero eta indar handiago hartzen ari da nazioarteko era, nahiz eta oraindik lan asko dagoen egiteko. Era tradizionalak beti izan du indarra Euskal Herrian, eta oraindik ere nagusi da, baina nazioartean lehiatze hori ere gauza ederra da, baina horretarako beste era ere landu beharra dago. Horretan ari dira aspaldiko urteetan Altzo eta Almitza elkartea, eta emaitzak ere behin baino gehiagotan oso onak lortu dituzte. Hego Tirolen izango diren hainbat segalari lehen ere Europako Txapelketetan aritutakoak dira, eta badute eskarmenturik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo