Saharari buruzko ikerlana osatu dute zientzialari adituek
A. LERTXUNDI | DONOSTIA
«Izan litekeen itxaropena» izenburupean, sahararrek pairatu dituzten giza eskubideen urraketen gaineko ikerketa osatu berri dute mediku eta antropologo adituek, tartean Aranzadi Fundazioko lehendakaria den Paco Etxeberriak eta psikologian doktorea den Carlos Beristainek, Euskal Fondoaren, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzarekin.
Ikerketa datorren asteartean aurkeztuko dute Donostiako San Telmo Museoan, 12.00etan. Asteazken arratsaldean, aldiz, herritarrei zuzenduriko hitzaldi irekia egingo da udaletxeko batzar aretoan, 19.00etan. Bi ekitaldi horietan, Etxeberria eta Beristain egongo dira, baita Tindufeko kanpamenduetan nahiz lurralde okupatuetan bizi diren sahararrak ere.
«Ikerketa sakona eta irmoa da. Ezkutatuta eta iluntasunean egon diren urraketak argitara ateratzea da bere helburua. Donostiarrentzat ohore bat da ikerketa horren aterpea eta babesa izatea. Oroimena ezinbesteko urratsa da», plazaratu zuen Juan Karlos Izagirre alkate donostiarrak. «Bertan jasotzen diren ondorioak garrantzitsuak izan daitezke, ordaina jasotzeko eskubidearen nazioarteko printzipioen arabera, eta dei bat luzatuko dio nazioarte osoari, Nazio Batuak, Europako Kontseilua eta Parlamentua bezalako erakundeei», nabarmendu zuen Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek. Lan hau iaz aurkeztu zuten «El Oasis de la Memoria» ikerlanaren osagarri da.