GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hautetsien Kontseiluak Estatuarekin kontratua berritzearen alde bozkatu du

Hautetsien Kontseiluak atzo erabaki behar zuen Estatuarekin, Akitania Eskualdearekin eta Departamenduarekin lotzen duen kontratua berrituko duen. Alde bozkatu arren, agerian jarri zuen Estatuak erakutsitako mespretxua, Parisek Lurralde Elkargoaren sorrera ukatuta.

p017_f02.jpg

A.B.| BAIONA

Hautetsien Kontseiluak urte politikoari hasiera emateko Biltzar Nagusia egin zuen atzo Baionan. Berezko Lurralde Elkargoaren aldarrikapenari Parisek egindako ukapenaren ondotik, egituraren lehenengo bilkura izan zen atzokoa.

Bertan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduarekin, Akitania Eskualdearekin eta Estatuarekin 2014-2020 urteetarako Lurralde Kontratu berria izenpetzeko negoziazioak bideratu ala ez erabaki behar zuten.

Berrogei hautetsi zirela, aho batez kontratua lantzearen alde agertu ziren. «Kontratua segitu behar dugu, baina bileran, prefeta aitzinean zela, argi utzi da Estatuak, formen aldetik, Euskal Herriarekin mespretxua izan duela», argitu zuen Daniel Olzomendi Izurako auzapezak.

Ipar Euskal Herriko egitasmo zehatzak diruz hornitzea da kontratu horren xedea, eta duela hogei urte abiatu zenetik, egungo «pays» egituraren bidez bideratu izan dira negoziazioak. Parisek 2013. urtearen bukaeran egitura horiek desagertuko direla jakinarazia duenez, bileran zeuden hautetsiek alde bozkatu bazuten ere, kontratu hori nola, zein egiturarekin eta zein eskumenekin bideratuko den zalantzak agerian utzi zituzten.

Alain Iriart Hiriburuko auzapezak argitu zuen: «Kontratuarekin nahi dugu segitu, baina arazoa da non kokatuko den eta zer izango den kontratu hori. Gobernuak guk egin proposamenari ezetz erran dio, eta ez du bilakaerarik nahi».

Bi orduko eztabaida baten ondotik hautetsiak, inpresio «gazi-gozoarekin» atera ziren bilkuratik. Bilera arratsaldeko bostetan hasi zen, eta hautetsi sozialistak indarrean hurbildu ziren Kontseiluak kontratu berriaren aldeko posizioa har zezan. Parlamentariak, kontseilari nagusiak eta eskualdeko kontseilariak zeuden bertan.

Izan ere, Lurralde Elkargoaren egitasmoa eztabaidatzeko Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroarekin izandako bileraren ondotik, Max Brisson UMPko Departamenduko buruak eta Jean-Jacques Lasserre senatari zentrista eta Hautetsien Kontseiluko buruak, erantzuna ukapena balitz, protesta fase batean sartzeko premia aipatu zuten, Lurralde Kontratuaren negoziazioak ez bideratuz.

Brisson aurka

Atzoko bilera izan aurretik Max Brissonek iritzi berekoa izaten jarraitzen zuen: «Kontratu berri baten gauzapenaren aurka naiz. Zertarako lan egin dugu hiru urtez beste egitasmo batean, egun daukagun sistema ona bada? Nire burua ispilu baten aitzinean begiratu nahi dut lotsatua izan gabe».

Horrenbestez, Alderdi Sozialistaren jarrera salatu zuen, «gutaz trufatzen» ari zela esanez. «Umiliazioa urrun eramaten dute, kontratu berria guk bultzatzea eskatzen baitigute. Euskal Herria mespretxatzen duen gobernu batekin kolaboratzearen aurka naiz», esan zuen.

Jakes Abeberri Biarrizko hautetsi abertzaleak ere parte hartu zuen bileran, eta Max Brissonen ildo beretik, atzoko bilkuran erabakirik ez hartzea, eta datorren martxoko udal hauteskundeen osterako uztea iritzi zion.

Sozialistak, Ipar Euskal Herriko «interesen defentsan», Lurralde Kontratu berria gauzatu behar zela aldarrikatzeko hurbilduak ziren, eta hautetsiek bat egin zuten horrekin. Frantxua Maitia kontseilariak «jadanik sobera denbora galdua izan zela» azpimarratu zuen. Kontratu berriaren bidez 250 eta 300 milioi euro eskuratu beharko lituzke Ipar Euskal Herriak egitasmoak gauzatzeko.

«Balitz bezala»

Colette Capdevielle diputatu sozialistak kontratu berria berbideratzerakoan «estrategia» bat finkatu behar zutela esan zuen. «Lurralde elkargo bat balitz bezala egin behar dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo