GARA > Idatzia > Kultura

EOS, Oreka Tx eta Labeque ahizpak, «Animalien ihauteria» euskaldunean

Euskadiko Orkestrak, Katia eta Marielle Labeque ahizpek, Oreka Tx txalapartariak, Amaia Hennebutte-Millard ipuin kontalariak eta Paxkal Indok bat egin dute «Animalien ihauteria» ikuskizunean. ZTK elkarteak, Camille Saint Saënsen obra honen egokitzapenarekin, familia osoarentzat euskarazko musika klasikoko ikuskizun erakargarri bat bultzatu nahi izan du. Emanaldiak Baionan (irailak 14) eta Donostian (irailak 15) izango dira.

p042_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Ipar Euskal Herrian euskararen egoerari bultzada bat eman asmoz sortu du Paxkal Indok «Animalien ihauteria» ikuskizuna. «Behingoz, musika klasikoaren munduan euskaraz egin nahi nuen sorkuntza bat», azaldu zuen atzo, Donostian. Indo, Seaskako presidentea izateaz gain, txalapartaria eta euskarazko ikuskizunak bultzatzen dituen ZTK elkarteko kide ere bada, eta honela, haur eta helduek gozatzeko moduko bi emanaldi prestatu dituzte, musika, kontakizuna eta irudiak nahastuz. Lehenengoa Baionako antzokian izango da irailaren 14an, eta bigarrena, hurrengo egunean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Baionakoa Musique en Côte Basque jaialdiaren baitan egingo da; garaipen txiki bat Indoren ustez, azaldu zuenez, euskarazko obrek ez baitute leku askorik izaten bertan.

Camile Saint-Saëns (1835-1921) konpositore frantziarrak 1886an idatzitako «Le carnaval des animaux» hartu du oinarrian Indok, eta Euskal Herriko inauterietara moldatu testua. Honela, suite musikal honetako hamalau piezatako bakoitzak animalia bat irudikatzen du eta animalia horiek euskal mitologiako eta inauterietako pertsonaiekin jolastuko dira kontakizunean.

Taula gainean Oreka Tx bikotea, EOSeko musikariak, Amaia Hannebutte-Millard narratzailea, Txomin Larronde marrazkilariaren proiekzioak eta Katia eta Marielle Labeque ahizpa pianista entzutetsuak izango dira. Indok aspaldidanik ezagutzen ditu Labeque ahizpak, eurekin aritu baitzen Europa osoan zehar biran. Beranduago Kalakan sortuko zuen, gero taldea utzi bazuen ere.

«Hortik sortu zen istorioa, beraiekin zerbait euskaraz egitekoa. Egia da erran zigutela beste Euskal Herri bat ikusi zutela gure begietan, gure ahotan entzun, eta maitatu. Eta nik aski fite proposatu ea euskaraz egingo genuen egun batez», azaldu zuen. 2009an ikusi zuen Parisen «Le carnaval des animaux». Urte berean, Seaskaren 40. urteurrena ospatzeko, EOSeko Ortzi Oihartzabal biolinista eta Seaskako ikasle ohiak emanaldia eskaini zuen. Kasualitate edo ez, lotura egina zegoen.

Prezio ekonomikoak jarri dituztela esan zuen Indok, familiak joan daitezela baita helburua. Gainera, irabazirik ateratzen bada, Seaskara bideratuko da dirua.

Konpositoreei (auto)kritika

Camile Saint-Saënsek Austriako herri txiki batean zegoela idatzi zuen obra hau. Oihartzabalek azaldu bezala, hamalau pieza txiki ditu, bakoitzak animalia bat eta, bigarren irakurketa batean, izaera bat proposatzen ditu. «Anitzetan formazio ezberdinak gara, ez dugu denek elkarrekin jotzen denbora guztian. Horrek desberdintasun handia ekartzen du. Interesgarriena da haurrek entzuten ahal dutela eta ikusi zein imitazio egiten den animaliena musikari esker eta baita ere helduek beharbada pentsatu familiakoak edo lagunak nola hurbiltzen diren izaera horietara».

Saint-Saënsek konpositoreen kritika egiteko erabili zituen animaliak. «Ikusten da animalien imitazio bat, baina baita umore satiriko bat beste konpositoreei buruz. Sartzen ditu pasarte txiki batzuk besteenak», azaldu zuen Oihartzabalek. Dortokaren piezan, esaterako, Jacques Offenbachen can-can doinuak erabiltzen ditu. Elefantearenean, berriz, Mendelssohn eta Berlioz sartzen ditu, haien «handikeria» agerian utziz. Hala ere, bere buruaz ere barre egiten duela esan zuen Indok. «Pianista izugarria zen eta autokritika asko dago».

Bizi izan zen bitartean, frantziarrak debekatu egin zuen bere obra jotzea. «Ofizialki, bere serio figura gorde nahi zuelako baina, ziur aski, ez zuelako gaizki gelditu nahi beste konpositoreekin». Bi alditan baino ez zen egin.

SARRERAK

Familiek obra ikus dezaten du helburu ZTK elkarteak eta horregatik 5 eta 20 euro bitartean jarri dituzte sarrerak. Hauek eskuragarri daude jada Baionako Elkar dendan eta www.victoriaeugenia.com atarian. Irabaziak Seaskara bideratuko dira.

DEBEKATUA

Camile Saint-Saënsek debekatu egin zuen bera bizi zen artean obra hau jotzea, ziurrenik kritikatzen zituen konpositoreekin gaizki ez gelditzeko. Bi alditan baino ez zen interpretatu. Hil zenez geroztik, bere obra ezagunenetakoa da «Animalien ihauteria».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo