GARA > Idatzia > Kultura

Praileaitzeko kobazuloan indusketa lanek irailaren 13ra arte jarraituko dute

GARA | DONOSTIA

Debako Praileaitzeko kobaren indusketa lanak hasi zituzten astelehenean, eta irailaren 13ra arte iraungo dute, Gipuzkoako Diputazioak atzo iragarri zuenez. 2012ko kanpainan ikertutako lekuan jarraituko dute lanean, hau da, atarian, mendebaldeko galerian -sedimentuz betea- eta barnealdeko bigarren gelan.

Aranzadi Zientzia Elkartea arduratzen da indusketa arkeologikoaz eta laborategiko lanaz, Diputazioak 30.000 eurorekin lagunduta.

Azken hamar urteetan kobazuloan egin diren indusketa lanetan aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzte, batez ere Paleolitoko alderdi kulturalarekin zerikusia dutenak.

Hala, errituekin lotutako pieza ugari topatu zituzten. Adibidez, 29 zintzilikari, gehienak apainduak, Behe Madeleine aldikoak -duela 15.500 urtekoak-. Horietatik hiru basahuntz hortzekin egindakoak dira, eta gainerakoak harri beltzarekin. Era berean, okrezko arkatzak eta adarrez egindako bi aginte makila agertu ziren, Madeleine aldikoak -duela 12.000 urte-.

Iazko kanpainan harrizko tresnak aurkitu zituzten. Honek leize zuloaren okupazioaren data aurreratzen du, estimatzen zena baino milaka urte lehenagora, 40.000 eta 120.000 urte artean kokatzen baitituzte erremintok. Horrek esan nahi du, segur aski, kobazuloan Cro-Magnongo gizakiaz gain, Neanderthalgoa ere izan zela.

Aurkitzen ari diren altxor historikoez aparte, Praileaitzek eztabaida gai izaten jarraitzen du. Kobak 65 metroko perimetroko babesa du, baina Aranzadiren iritziz ez da nahikoa, eta hegal guztia babestea eskatu zuen aspaldi. EH Bilduk ere 100 metroko babesa bermatzeko eskatu zion Parlamentuari, legez besteko proposamen baten bitartez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo