Euskararen aldeko TopaEguna Soraluzen izango da aurten, irailaren 28an
GARA | SORALUZE
Soraluzeko Pil-Pilean euskara elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak aurtengo TopaEguna aurkeztu zuten atzo, Donostian.
Irailaren 28an ospatuko da Soraluzen, eta «euskaltzaleen jaieguna» izatea nahi dutela nabarmendu zuten antolatzaileek. Adierazi zutenez, TopaEgunak «euskaltzaleen ekarpenaren eskertze eta aldarrikapena izan nahi du, baita ospakuntza ere».
Soraluzeren hautaketa ez da kasualitatea izan. Antolatzaileek nabarmendu zutenez, Deba bailarako euskaltzaleak «aitzindari izan dira beti euskara elkarteen mugimenduan».
Egitarauak adin guztientzako eskaintza izango duela baieztatu zuten Topaguneko kideek. Ekitaldi nagusia arratsaldeko seietan ospatuko da, baina egunean zehar ere aisialdi edota kultur eskaintza zabala izango da. Besteak beste, Kokein, Gose eta Xero Xiette taldeak gau partean arituko dira.