GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

«Eiaculatio praecox»

Kezkatzen nau gure herrian den-dena berehala konpontzeko dabilen antsietate han- diko presak. Beti beste gauza bat egiteko eta uneoro gerokoan pentsatzen, maitasunean ala plazerean geldialdiak egitea oztopatzen duen borrokaren zentzu tragiko eta frenetikoan. Beti presaz, gauzak azkar konpontzen ez badira larriminetan itota, depresiotik euforiara eta euforiatik depresiora teleberri sinple batek markatzen duen dantzaren arabera. Kezkatzen nau, ez argi ikusten ez duenak ez duelako egin nahi, eginda egotea nahi duelako baizik. Eta argi daukat errealitate berri bat, koiuntura ezberdin bat eta independentismo arrakastatsu baten sorkuntzak oso bestelako mentalitatea behar duela. Konbentzimendua eta esperantza behar dira, patxada puntu-puntuan, eta norberaren onetik ateratzen duen presa, sen dramatikoa erakartzen duten heroismoa eta marmar histerikoa alboratu. Gure herriaren ezina eta gure idealen martirioa betikotu nahi ez badira, egoera berria bide geldo eta itxuraz ez hain larri edo hil ala bizikoetan eraiki behar da. Piano piano, sano e lontano.

Etorkizun zorigarbi baten edabe magikoen faltan, jator eta tenperamentalki itxaropentsu jokatzea hobe da. Gure ezei, ezin eta errakuntzei begietara begiratuz, jakina, baina urrutiko horizonte sakon batean begirada iltzatuz. Eta itsasoak hondarreratzen dituen olatu guztiak berdinak ez diren jakitun, olatu bat atrapatuta aurreratu denaz jabe, azkenean eskapatuko dela onartuz. Eta olatu berriak beti datozenez, hartara prestatuz.

Noski erreakzionatu behar dela mehatxuen aurrean, erasoei erantzun bat eman behar zaiela, konfrontazio politikoaren taulan aukerak neurtu behar direla. Arazoa, baina, mugimenduak ez daudenean aurrera nola egin, jardutea eta ez erreakzionatzea ezinbestekoa denean, zer egiterik ez dagoenean zer egiten asmatzean datza. Hor dago txapeldungaien eta irabazleen arteko koska. Estrategia, maiuskulazko politika eta arnasa luzeko ekintza beren benetako zentzuan.

Hori ez da sartu-irten batean egingo. Ariketak bi eusleku izango ditu beti, batetik maneiagarria izango da eta bestetik ez. Orain autopistan eta gero astopistan egingo da aurrera, eta gero atzera berriz. Eta eman eta eman, eta luza egurra, xuabe-xuabe orain, politikoki antzugarri den eiaculatio praecox-ik gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo