GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia

Energia

Energiaren definizio bat ondokoa izan daiteke: objektu eta gorputzen egoera eraldatzeko gaitasun eta ahalmena. Kontzeptu horren baitan energia mekanikoa dago, zeina gorputzaren masa, kokapen eta/edo mugimenduarekin erlazionatuta dagoen.

Txirrindularitzan oinarrizkoa da kontzeptu hau, izan ere, gure etapa baten xedea masa jakin bat duen gorputz bat mugimenduaren bidez kokapenez aldatzea da; hau da, txirrindulariaren eta bizikletaren masa irteerako puntutik helmuga punturaino dagoen ibilbidean zehar ahalik eta azkarren eramatea. Ibilbide jakin bat aurkariak baino azkarrago egitean datza lehiaketa.

Helburu hori lortzeko, energia beharrezkoa dugu eta 21 etapa jarraian egiteko behar den energia nonbaitetik atera beharra dago. Energia, joule edo kaloriatan neurtu daitekeela esaten badizuet, jakingo duzue nondik datorren ezta? Ba bai, jaten dugun horretan dago gorputzak behar duen «gasolina».

Elikadura garrantzitsua dela kontuan izanik, txirrindulari-talde handi gehienek sukaldaria izaten dute. Hauek medikuaren laguntzaz, kirolariaren beharrizan energetikoetara ahalik eta ondoen egokitutako menua prestatzen dute. Ez da erraza hiru aste hauetako menua dibertigarria eta atsegingarria egitea. Izan ere, pasta (zuria), arroza, zerealak eta oilasko edo arrainaz aparte, ez dauka lehengai askoz gehiago sukaldariak.

Gaur, Beñat Intxaustik Twitterren zabaldutako albiste bat irakurri dut. Bertan dio Movistar taldeko txirrindulariek ostiraleko etaparako Ferran Adriá sukaldari handiak prestatutako barra energetikoak izango dituztela. Ez dakit aurkariak baino azkarrago helmugara iristeko energia emango dien baina azken egun hauetarako estimulu motibagarria izango da inondik ere.

Gure kasuan, aldaketa handirik gabe jarraitzen dugu eguneroko elikaduran, baina azken egunak direnez eta etxerako buelta gero eta gertuago ikusten dugunez, igandean etxera iritsi bezain pronto zer jango genukeen komentatzen hasi gara. Batak patata-tortilla jateko amorratzen dagoela dio, besteak txuletoi handi batekin amesten duela, italiarrak «una bella pizza», uruguaitarrak «lo mejor es un buen asado»...

Ni etxeko entsaladako tomateak eta baserriko zorua pikokatuz hazitako oiloek jarritako arrautza parea dastatzeko irrikaz nago. Beti esaten dut etxeko produktuok garestiagoak balira, kabiarraren antzeko jaki preziatuak liratekeela. Luxu askorik gabeko afaria izan arren, ez nuke beste ezeren truke aldatuko. Ogi pusketatxo batekin gorringoa hausteko momentuarekin amesten duenak ez du gehiegi eskatzen, ezta?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo