Arrasateko Elkartasun Egunean, hogei kontzertutik gora gaztetxean eta tabernetan
A. ARRUTI | DONOSTIA
Larunbat arratsaldean hemezortzi talderen kontzertuak izango dira beste horrenbeste tabernatan, zortzigarren urtez ospatuko den Arrasateko Elkartasun Egunean. Gauean gaztetxean jarraituko du jaiak, Anger Dualde eta Hapa Hapa, Dirty Kontrol Brothers eta Kañeria 13 taldeekin. Orain arte ekainean ospatu izan bada ere, agenda kontuak tarteko, aurten irailera pasatu dute euskal preso politikoen aldeko ekimena. Eguerditik abiatuko den jaia gaztetxean lehertuko da gauez, 22.30etik aurrera, gutxitan ikusteko aukera izaten den etxeko hiru talderekin.
Anger Dualde eta Hapa Hapa Anger taldeko kideek osatzen dute. Duela lau bat urte bertsio gau baterako aurkeztutako taldea da eta larunbatean ere bertsioekin osatuko dute emanaldia, hasi Boney M-etik eta Faith No More-raino.
Des-Kontrol eta Dirty Acoustic Brothers taldeko kideek, berriz, Dirty Kontrol Brothers osatu dute espresuki egun honetarako. Bi taldeen kantuak eta bertsioak eskainiko dituzte. Bukatzeko, azken urteetan oso gutxitan taularatu diren Kañeria 13 punk taldeak itxiko du gaua. 90eko hamarkadan jaiotako Garagartzako punk rock dosia eskainiko dute Ulli abeslariak gidatuta.
Baina musika aurretik ere izango da, herriko hemezortzi tabernatan beste horrenbeste talderen kontzertuak egingo baitira aldi berean. Horrela, 17.00etatik aurrera CC-627, Fly Shit, The Convicts, RPL eta Lukas prest taldeek zabalduko dute arratsaldea; 18.00etan Gorroto, Crisis, Turboshit, AMD, Su Etena eta Drongenerds taldeen txanda izango da; 19.00etan, McOnak, Kilaue, Herstura, Iñaki Sagata, Estandarte, The Gratix eta Ain_1 ariko dira; eta, azkenik, Berebille Swing 21.30ean hasiko da.
Musikaz gain, egun osoko egitaraua prestatu dute. 12.00etan umeentzako jolasak izango dira Bitori plazan eta parrillada herrikoia egingo da 14.00etan toki berean. 20.30ean, berriz, manifestaldia egingo da Seberotik, euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea eskatuz.