GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ricardo Remiro eulatearraren gazta erdiagatik 7.500 euro ordaindu dituzte Ordizian

Eulateko Ricardo Remiro artzainak hirugarrenez irabazi zuen atzo Ordiziako Gazta Txapelketa eta, hain zuzen, Urrezko Kutxa sariarekin aitortu zioten palmaresa. Ondorengo enkantean Bergarako okindegi batek erosi zuen gazta erdia, 7.500 euro ordainduta.

p018_f02.jpg

GARA | ORDIZIA

Hirugarrenez, Ricardo Remiro artzainaren gaztak irabazi zuen atzo Ordiziako Gazta Txapelketa. Ardi latxaren esnearekin ekoiztua, Bergarako okindegi batek 7.500 euro ordaindu zituen gazta erdiagatik ondoren egin zen enkantean, iaz ordaindu zena baino ehun euro gehiago, hain justu.

Aipatu bezala, ez da Eulateko artzain honek sari nagusia irabazten duen lehen aldia, aldez aurretik ere garaile izan baitzen 2008. eta 2011. urteetan. Hain zuzen, hiru bider lehen saria eskuratzeagatik, lehiaketako Urrezko Kutxa sariarekin aitortu zizkioten lorpen horiek.

Orotara, 53 gazta aurkeztu ziren txapelketara; horietatik 22 gipuzkoarrak. Euskal Herriko gazta txapelketa garrantzitsuenean parte hartu ahal izateko, artisau eran egindako gaztak izan behar dute.

Juan Mari Arzak sukaldaria buru, gastronomian adituak diren pertsonez osatutako epaimahaiak Remirorena hautatu zuen guztietan onena.

Urtero legez, enkantea egin zen ondoren. Bertan Bergarako Bolintxo okindegiak ordaindu zuen preziorik altuena, 7.500 euro, iazko txapelketan baino ehun euro gehiago.

Zifra hau, hala ere, 2004. urtean Mutiloako Patxi erretegiak ordaindu zuenetik urrun gelditu zen, edizio hartan 12.100 euro ordaindu baitziren. Diru kopuru hura Donostiako Super Amara supermerkatuak soilik berdindu zuen, handik bost urtera.

Uharte Arakilen ere garaile

Eulatearraren gazta sari eta errekonozimendu ugari jasotzen ari da azkenaldian, abuztuaren amaieran Uharte Arakilen ospatu zen Artzain Egunean -kategoria honetan Euskal Herriko festarik zaharrena-, izan ere, gazta txapelketan nagusitu zen. Iazko edizioan ere garaile izan zen Uharte Arakilen Ricardo Remiroren gazta.

sagardo egunA

Sagardo Eguna ospatuko du Ordiziak bihar, 18.30etik 21.00etara, Merkatu Plazan. Edalontziak 3,5 euroko prezioan salduko dira eta jateko bakailao tortilla eta gazta izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo