GARA > Idatzia > Kultura

Ekainberri erreplikak bost urte bete ditu eta aurrera begira proiektuari eutsiko dio

Ekainberri erreplika museoak bost urte bete zituen atzo. 170.000 bisitari igaro dira urte hauetan eta proiektua hobetzen jarraituko du. Hilabete honetan sarrerak erdi prezioan eros daitezke urteurrena dela-eta.

p045_f01_94185.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Ekainberri museoak, Ekain haitzuloaren erreplikak, bost urte bete zituen atzo. Urte hauetan guztietan 170.000 lagun izan dira haitzuloetako margoak bertatik bertara ikusten eta urtetik urtera bisitari kopurua gora egiten ari da.

Bosgarren urteurren hori ospatzeko hilaren 13an, 17:00etan, Ekainberriko harreran erakusketa bat abiatuko dute. Juan Luis Goenaga, Angel Uranga, Xabier Obeso eta Maximina Espesok margolan bana erakutsiko dute. Gainera, hilaren 20ra arte, museora sartzeko sarrerak erdi prezioan salduko dira.

Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak, atzo egindako balorazioan adierazi zuenez, proiektu hau «finkatua» dago, baina urtez urte proiektu hori osatzen joango dira. Horren adibide, aurten Lili jauregi eraberrituaren aurkezpen eta proiektuan barneratu izana da. Hala, erreplikarekin hasitako proiektua osatzen du jauregiak, eta Zestoak eta eskualdeak dituen ondareen balioa ere agerian jartzen du. Hori bera defendatu zuen atzo Ruben Alberdik, Zestoako alkateordeak: herriarentzat ona dela sentiaraztea lortu behar dute.

Erronka berriak

Bost urteko bide hau positiboa izan den arren, agintariek aurrera begiratzen dute. Hala, etorkizunari begira, hainbat erronka dituzte oraindik. Gizateriaren Ondare den neurrian, UNESCOrekin harremana landu nahi dute. Gainera, Europan Ekain bezalako kobak dituzten beste guneekin elkarlana areagotu nahi dute aliantzak lortzeko.

Bestetik, Praileaitz eta Ekainberri konparaezinak direla aipatu zuen Juantxo Agirrek, Aranzadiko idazkari nagusiak, asteartean Eusko Jaurlaritzak aztarnategira egin zuen bisitari buruz galdetuta. «Praileaitz oso zaila egiten ari da eta ez da bide eredugarri bat», esan zuen. «Kobazulo bakoitzak bere baldintzak ditu eta Ekainen ez zegoen harrobirik. Ez dira konparagarriak. Praileaitz gestionatzea zailagoa da, arazo asko sortu ditu eta denbora asko kentzen digu arazo honek».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo