GARA > Idatzia > Kultura

«Itzulpena egiterakoan, inoiz ere ez da literala izaten, berridazketa baizik»

p048_f02.jpg

Karmele Jaio

Idazlea

Ipuin bildumak egitea «berezkoago» duen arren, bere bigarren eleberriaren gaztelerazko itzulpena argitaratu berri du Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970). «Música en el aire» sentimendu eta giza harremanetan oinarritutako istorio gazi-gozoa da, bizitzako musikari buruzkoa. Idazlearen «Amaren eskuak» eleberrian oinarritutako filma Donostiako Zinemaldian estreinatuko da.

Jonebati ZABALA | BILBO

Ez da Karmele Jaioren lehenengo itzulpena, izan ere, aurretik, «Las manos de mi madre» eta «Heridas crónicas» (Ttarttalo) liburuak ere argitaratu ditu gazteleraz. Gasteiztarrak idatzitako bigarren eleberriaren itzulpena da «Música en el aire». «Istorio hurbila da, gertukoa». Kostaldeko herri txiki batean garatzen dena. Edadeko emakume bat, Elena, da protagonista. Elena ez da etxetik irteten, ez du irten nahi, eta iraganari atxikita bizi da. Seme-alabek Ekuadorreko neska gazte bat eramango diote etxeko lanetan laguntzeko. Hortik abiatuta, sentimendu eta giza harremanetan oinarritutako istorio gazi-gozoa josten du Jaiok. Maitasuna eta gorrotoa, adiskidetasuna eta zeloak, bizinahia eta etsipena... Euskarazkoak izandako arrakasta ikusita, gaztelerazko bertsioa argitaratu berri du idazleak.

Jaioren lehen eleberria ere, «Amaren eskuak», albiste da egunotan. Izan ere, aste bi barru, irailaren 24an, Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatuko da Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean. Euskal zinemaren Irizar sarirako hautagaia ere bada filma. Hilaren 27an zinema aretoetan egongo da ikusgai.

Orain dela urte batzuk argitaratu zenuen «Musika airean» nobelaren itzulpena da honakoa, zelako prozesua izaten da?

Liburu honekin gertatu zait aurreko itzulpenetan gertatu zitzaidan gauza berbera. Bai «Las manos de mi madre», zein «Heridas crónicas» liburuetan, itzulpena hasi eta itzulpen literala egin baino, berridazketa bat egin nuen, eta oraingoan ere bai. Obra berbera da, baina hizkuntza aldatzean, beste aldaketa batzuk ere egin behar izan ditut, pixka bat moldatu egin dut.

Liburu bat inoiz ere ez dela bukatzen esaten dute, hau da, hartzen duzun bakoitzean zeozer aldatuko zenukeela. Niri ere hori gertatzen zait, bizitzako beste momentu batean zaude, beste hizkuntza bat, eta horrek aldaketak egin behar izatea eragiten dizu.

Zer motatako aldaketak egin dituzu oraingoan?

Kuriosoa da, aldaketa nagusiak protagonistan egin baititut. «Amaren eskuak»-en antzeko zeozer gertatu zitzaidan; euskaraz hirugarren pertsonan idatzita zegoen, eta gazteleraz hasi nintzen, baina tonua ez zen berbera eta lehenengo pertsonara aldatu behar izan nuen. Orain, kontrakoa gertatu zait: «Musika airean» lehen pertsonan idatzi nuen euskaraz; gazteleraz, ordea, musika ez zen berbera, hirugarren pertsonara aldatu nuen, baina ezer ez, eta azkenean bigarren pertsonan itzuli dut. Protagonistari hitz egiten dion ahotsa da, bere kontzientzia edo.

Zelako esperientzia da itzulpena?

Itzulpena esperientzia gogorra da, baina oso aberasgarria dela esango nuke. Zure idazteko era beste ikuspuntu batetik ikusten duzu, nola idazten duzun aztertzeko baliagarria da, norberaren idazkera disekzionatzeko.

Noiz erabakitzen duzu zure lana itzuli egingo duzula?

Euskaraz idatzi nuenean ez nengoen pentsatzen gero itzuli egingo nuela, izan ere, horrek baldintzatu egingo dizu idazteko modua. Behin argitaratuta, handik denbora batera argitaletxeak eskaini egin zidan, eta poliki-poliki noa. «Ez naiz ni» ipuin bilduma ere itzuli egingo dut segur aski; baina esan bezala, poliki-poliki.

Bakardadeari buruz hitz egiten duzu liburuan, Elenaren bakardadeari buruz.

Euskaraz idatzi nuenean abiatze puntu zehatza nuen, nire asmoa bakardadeari buruz hitz egitea zen, norberaren barruan dagoen musikaz, barneko bakarrizketa horretaz. Urteek aurrera egin ahala gure barnean sortzen joan den musika, gertatzen zaigun guztiarekin harremana duena, eta bakarrik gaudenean soilik entzuten dugun hori. Adineko emakume bat aukeratu dut protagonista gisa, ez da etxetik ateratzen, bakarrik sentitzen da. Elena aitzakia bat da, bere barnean dagoen barne bakarrizketa entzuteko, musika hori. Errepaso horretan, iragana eta oraina azaleratzen dira etengabe. Iraganak pisu handia du istorioan, iragana ez baita atzean geratu den zeozer, oraina da batez ere. Abesti asko erabili ditut eleberrian, iraganekoak. Haurtzaroan ikasi, eta oraindik gogoratzen garenak.

Barne bakarrizketaz gain, emakume protagonistaren eboluzioa kontatzen dut liburuan, eboluzio gehiago izango ez duela uste duenean, bizitzako azken urteetan dago, bizitza sozialean ez du parte hartzen... Baina aldaketak egongo dira, eta horiek eragingo dituena Ekuadorreko neska gaztea izango da, nolabait istorioan sartuko den musika berri bat da.

Kontakizunean aurrera egin ahala adiskidetasuna ere agertzen da istorioan.

Bai, baina adiskidetasuna ez da gazte horrekin duena. Baizik eta haurtzaroko Karmen lagunarekin duena. 30 urte darama bere lagun Karmenekin hitz egin gabe, 30 urteko haserrealdia. Emakumea bizitzaren azken txanpan dago eta konpondu gabeko zauria du. Adiskidetasunaz hausnarketa bat egiten du liburuak, galdera bat planteatzen du, posible da zahartzarora ailegatuta haurtzaroko adiskideak mantentzea, eta horrela ez bada, zer da hori ezinezko egiten duena?

Beste gai batzuk ere tratatzen dituzu «Música en el aire»-n.

Bai, eliza, esaterako. Istorioa protagonistaren bidez kontatzeaz gain, iraganean egindako konfesioak ere erabili ditut, denboran saltoak egiteko. Modu ona iruditu zitzaidan, irakurlea urteetan atzera bidaltzeko. Ave María Purísima entzunda berehala konturatzen gara denboran atzera egin dugula.

Bestalde, emigrazioari buruzko pintzelkada batzuk ere baditu eleberriak. Ekuadorreko gaztearen pertsonaia nire jakin-minetik sortu da, askotan ikusten baititugu emakume gazteak, gehienak hegoamerikarrak, adineko gizon edo andreak zaintzen. Belaunaldi, kultura eta jatorri guztiz ezberdinetakoak izanda, zeri buruz hitz egingo dute, zein izango da euren arteko harremana? Zahartzaroari buruzko gogoeta ere bada, adin batera heldutakoan, bizitzan erabakiak hartzeko eskubidea eta autonomia galtzen dira askotan, ume baten moduan tratatzen zaituztenean...

Nondik dator eleberriaren izenburua?

Azken batean, musikari buruzkoa da nobela. Belaunaldiz belaunaldi jaio eta hil egingo gara, baina munduan beti dago musika, beti dago airean. Bals baten modukoa da, bizitza eta mundua nolakoa diren zehazten duena.

Emakumeak dira protagonistak zure eleberri bietan.

Gizon batek nobela bat idazten duenean eta protagonista gizona denean ez diote galdetzen zergatik den gizona. Guztiz barneratuta dugu gizona gauza neutroa dela, denena dena, eta emakumea ez. Ohituta gaude emakumeak ere, gure egiten baititugu gizonak protagonista diren istorioak, eta andreenak badirudi horiei zuzenduak baino ez direla. Kasu honetan, protagonista emakumea izan arren, balio du giza harremanez orokorrean hitz egiteko.

Nobelak eta ipuin bildumak idatzi dituzu. Zeinetan gusturago?

Nik betik esaten dut, gehiago ipuingile sentitzen naizela, zeozer asmatzen dudanean, nire joera ipuin bihurtzea da. Bi nobela idatzi ditut, eta bietan egin dut ahalegina nobela idazteko. «Naturala» edo berezkoagoa dut ipuinak idaztea, erosoago sentitzen naiz, bai.

«Amaren eskuak»-ek arrakasta handia izan zuen. Espero zenuen?

Esperimentu bat bezala egin nuen, baina inola ere ez nuen espero horrelako harrera izatea. Gainera, gaztelerara eta alemanera ere itzuli zen, filma egin dute... Nobela horrekin zorte handia izan dut.

Etorkizunean zer?

Momentu honetan ez nago ezer idazten, irakurtzen, gauzatxoak idazten eta batez ere, zain nago, datorrena datorrela. Abenduan, Mexikoko Guadalajarako liburu azokan izango naiz euskal literaturaren eta idazleen ordezkari gisa. Etxepare Institutuak gonbidatuta «Las manos de mi madre» aurkeztuko dut, baita hainbat ipuin ere.

MUSIKA

«Musikari buruzko nobela da, norberaren barnean dagoena, gertatzen zaigun guztiarekin harremana duena. Bals baten modukoa da»

emakumeak

«Gizon batek protagonista gizona duen nobela idazten badu, ez diote zergatia galdetzen. Guztiz barneratuta dugu hori neutroa dela; emakumea bada protagonista, ordea, andreei zuzendutakoa da»

«Eleberriaren filma egitea ez da batere erraza izan»

Donostiako Zinemaldian estreinatuko da aste bi barru «Amaren eskuak» filma. Zer sentipen duzu?

Sentsazio benetan arraroak dira, zure burutik sortu den zeozer irudietan islatuta ikusten duzu bat-batean; opari bat da hori. Mireia Gabilondok bere egin du istorioa, sinetsi egin du guztiz, eta bere erara kontatu du, zeozer berria sortuz. Eta nire ustez hori da onena, filma lan berria da, baina eleberriak transmititzen duena jasotzen du, nahiz eta gauza ezberdinak ere egon. Oso ahalegin handia egin du zuzendariak, ez baita batere erraza nobela horrekin film bat egitea, barneko pentsamendu eta sentimendu asko ditu, ez du akziorik ia, eta oso zaila iruditzen zitzaidan hasieran hori irudietara eramatea. Ea ziur zeuden galdetu nien.

Zuk ere parte hartu duzu proiektuan?

Proiektua orain dela hainbat urte hasi zen, urte asko egon da erdi geldirik. Hasieran, gidoian parte hartu nuen, baina gero aldendu egin nintzen. Gertuegi nuen liburua agian, film bat egitea beste hizkuntza bat da, beste modu batera kontatu behar da... Ekarpen batzuk egin nituen, baina gero beste gidoilari bat aritu da. Hobeto horrela. J. Z.

PREMIADA

«Alabatxo» consiguió el premio a mejor espectáculo en la Feria Europea de las Artes Escénicas para niños y niñas de Gijón en 2012. La obra fue estrenada en enero de ese mismo años en Leioa.