GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

hormatzarrak | Bidaia

Turkiako Ala Dag mendilerroan marra berria eskaini dute

Pasa den uztailean eginiko bidaian, Raul Gonzalezek eta Mikel Saez de Urabainek, hainbat bide eskalatzeaz gain, marra berria sortu zuten. Bes Parmak Sivrisi mendian «El pastor electrico» proposamena egin zuten: 425 metro luze da eta gehienez 6c zailtasunekoa.

p042_f01.jpg

p042_f02.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Mikel Saez de Urabainek ondo baino hobeto aprobetxatu du pasa den uztailean Turkiara egin zuen bidaia. Raul Gonzalezekin abiatu zen Turkiako Ala Dag mendilerroan dauden paretak ezagutzera, eta jakina, eskalatzera. Gipuzkoarrak adierazi digun bezala, mendilerro hori ez da batere ezaguna euskal eskalatzaileentzat: «Nahiz eta hango paretetan zein mendietan mende bat baino gehiago daramaten alpinismoa egiten, azken urteotan gero eta ospe handiagoa hartzen ari da. Eta ez da batere harritzekoa; izan ere, harkaitzaren kalitatea zein kalitateagatik izugarria da».

Eta gipuzkoarra, bederen, oso gustura itzuli da bidaia horretatik. Hainbat hormatzar eskalatzeaz gain, sokadak Bes Parmak Sivrisi mendian (3.520 m) marra berria sortu zuen: «El pastor electrico» (6c, 425 m).

Bidaiarako denbora gehiegirik ez zutenez, eskalatzaileok bi irteera ezberdin egin zituzten: Demirkazik mendira (3.756 m) eta Emli haranera. Gorputzak martxan jartzeko, sokada honek aipatutako mendiaren eki aurpegian dagoen 1955. urteko bidea (6a+, 800 m) eskalatu zuten. Uztailaren 11 zen. Soilik egun bateko atsedena hartu ondoren, Gonzalezek eta Saez de Urabainek bidaiaren erronka nagusiari ekin zioten.

Marra berria

Hurrengo helburua Bes Parmak Sivrisi mendia zen. Hura aztertzen ari zirela begiak erabat zabaldu zitzaizkien: «Bide logiko eta natural bat zabaltzeko aukera paregabea ikusi genuen. Paretara hurbildu ginenean, ohartu ginen, betiere perspektiba ezberdinari esker, gure asmoa bide onetik zihoala. Artesiak elkartuz, paretan gora metroak eta metroak egin genituen. Zalantzarik gabe, kalitate handiko luzeak eskalatu genituen. Batez ere oso onak dira lehen, hirugarren, bederatzigarren eta hamargarren luzeak. Zazpigarrena eta hamabigarrena, berriz, nahiko delikatuak dira. Ohartu ginen, azkar joan ginela; izan ere, arratsaldeko lauretan gailurra zapaldu genuen».

Era horretara sortu zen «El pastor electrico» marra. Guztira 425 metro luze da eta gehienez 6c zailtasuna du. Jarduera hori uztailaren 13an egin zuten.

Arestian aipatu dugunez, sokadak egun gutxi zituen aurretik. Berriro ere atseden luzerik hartu gabe martxan jarri ziren. Emli haranean zuten hirugarren helburua, Parmakkayan alegia. «Gold Fingers» bidean (275 m, 7b) sartu ziren, 1994. urtean Denis Condevaux eta Pascal Duverney frantziarrek zabaldua. «Gogorra, ausarta eta ongi estutu behar den marra da. Gainera, segurutik segurura metro asko daude», dio Saez de Urabainek. Uztailaren 16a zen.

Egun bateko atsedena eta berriro martxan ziren. Guvercinlik III dorrean «Papy Mazout» marra (7a+, 550 m) eskalatu zuten: «Urriellurekin antz handia du. Aurreko bidea bezala oso ederra. Zoritxarrez, jaitsieran komeriak izan genituen krokisa oso txarra zelako. Oso haserre geunden, uste baitugu krokisei garrantzi handiagoa eman behar zaiela». Astebeteko jardunean: 3 bide eta marra berri bat. Emaitza ederra!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo