GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elkarbizitza sustatzeko saialdiak goratu ditu Udalbiltzak Diyarbakirren

GARA |

Udalbiltzako lehendakariorde eta Nazioarteko arduradun Maite Iturrek, elkarbizitza eta bakea sustatzeko Euskal Herrian egiten ari diren saialdien berri eman zuen Kurdistango Diyarbakir hirian «Udalen papera bake prozesuetan» izenburupean egin den konferentzian.

Sarrera gisa Euskal Herriaren eta gatazka politikoaren deskribapen laburra eginda, Iturrek nabarmendu zuen, zailtasunak zailtasun, Euskal Herrian bake prozesu bat abian dela eta bururaino eraman behar dela. Hala, «kontzeptu eta jarrera subjektiboetan sartu baino, eta egia bakarra dagoela baztertuz», aurrera begirako lana egin behar dela nabarmendu zuen nazio erakundeko ordezkariak.

Lehentasunezkotzat jo zituen «biktima asko eta askotarikoak» daudela aitortzea; giza eskubideak defendatzea; eta bizikidetzarako neurriak hartzea eta garatzea.

«Urteetako gatazkak urratu dituen harremanak konpontzea da helburu nagusietako bat. Segurtasunez eta patxadaz mintzatzeko eta entzuteko garaia da. Elkarri zor diogun errespetua eta duintasuna aitortzeko eta bizikidetzarako konfiantza eta baldintzak sortzeko garaia da», azaldu zien konferentzian parte hartu zutenei.

Lan horretan, udalen jarduera oso garrantzitsua dela esan zuen Iturrek; «izan ere, udalak dira -eta gurea udalen biltzarra da- herritarrengandik gertuen dauden instituzioak, eta, beraz, jendearengan eragin dezakete». Elkarbizitzarako bide eta neurri desberdinak sor daitezkeela aipatuta, bi adibide nabarmendu zituen Iturrek guztien gainetik: Errenterian urte hasieran egin zen Eraikiz zikloa; eta datorren urriaren 10 eta 11n Donostian egingo den Munduko Alkateen Bake Konferentzia. Azken honen inguruan aipatu zuen Donostiako Udalak antolatuko egitasmoarekin bat egiten dutela erabat; oinarrizkoa delako, bere ustez, hiriak eta hiritarrek indarkeria mota desberdinen bidez asko sufritu dutela aitortzea eta bakea eta elkarbizitza lortzeko garaia dela aldarrikatzea. «Gatazken ebazpenen teoriek diotenaren arabera, indarkeria amaitu eta berehala egin beharreko bidea da bizikidetzarena, auzi politikoez gizartean normaltasunez jardun nahi baldin bada», gogorarazi zuen. Horregatik, Udalbiltzako ordezkariaren esanetan, «elkarbizitzan oinarrituta, bestelako kultura politiko bat» behar da Euskal Herrian.

Larunbatean, hain zuzen, Nora Galparsoro Donostiako alkateordeak hartu zuen hitza konferentzian urrian egingo den bilkurari buruzko xehetasunak azaltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo