Fútbola | CFA 2
Aviron gehiago izan arren, Genetsek ez zuen galdu
Angeluarrek penaltiz lortu zuten berdinketa, arauzko denbora bete eta gero.
AVIRON 2
GENETS 2
Jon LEUNDA
Genetsek ia galduta zeukan lekutik atera zuen berdinketa herenegun gauean jokatu zen lapurtarren arteko derbian. Poz horrek, ordea, sekulako nahigabea eta haserrea utzi zuen baionarren artean.
Inork gutxik uste zuen Mauricek Avironen bigarren gola lortu zuenean, kanpotarrek berdinketa lortuko zutenik, baina horrelaxe gertatu zen. Lehenengo Sautierrek murriztu zuen emaitza, eta arauzko denbora bete ostean, Chortek penaltiz lortu zuen berdinketa.
Horrek eragin zuen haserrea, hiriburukoen ustez ez zelako penaltia izan. Bai edo ez, zalantzazko jokaldia izan zen, eta amaieran angeluarrek berdinketa lortu zuten.
Gainerakoan, betiko derbi horietakoa izan zen. Bi aldeetako jende asko harmailetan, eta giro bikaina. Zelaian ere berotasun hori nabaritu zen, nahiz eta jokalarien portaera oso ona izan zen. Lehen 75 minutuetan etxeko taldea hobea izan zen, eta penaltia zen ala ez alde batera utzita, esan daiteke Avironek berak galdu zituela bi puntu.
2-0koarekin dena egina zegoela pentsatu zuten. Jokoa lasaitu egin zuten, eta Genetsek, berriz, zerbait lortu zezakeela ikusi zuen. Lehenengo emaitza murriztu egin zuen, eta orduan are eta indar handiagoa hartu zuen. Avironi, aldiz, urduritasunak iritsi zitzaizkion, eta amaieran kanpotarrek norgehiagoka berdintzea lortu zuten. Baionakoek jaitsierako postuan jarraitzen dute, eta Genets, berriz, zerbait hobeto dago.