Sokatira | Lur Gaineko Europako Txapelketa
Lau dominarekin amaitu da Herbehereetako ibilbidea
Euskal tiralariek urrezko domina bat, zilarrezko beste bat eta brontzezko bi kolkoratzeko modua egin dute.
Jon LEUNDA
Lau domina lortuta amaitu zuten atzo euskal tiralariek Herbehereetan jokatu den Europako Lur Gaineko Txapelketa. Urrezko domina bat, zilarrezko beste bat eta brontzezko bi eskuratu zituzten. Bi, kluben mailan izan dira eta beste bi, berriz, selekzioen mailan.
Neskak, 520 kilokoan lehiatu ziren, eta mutilak, berriz, 640koan, baina bietako inon ez zuten ezer lortu. Laugarren eguna ere bazuten lehian, eta hori ere asko nabaritu zuten. Hala ere, Herbehereetan izan direnak oso gustura itzuliko dira etxera, lortutako emaitzak oso onak izan direlako.
Kluben mailan oso emaitza onak izan ziren. 600 kiloko mistoan urrea eskuratu zuen Gaztediko taldeak. Hor, talde bakoitzean lau mutil eta lau neskak aritu behar izaten dute lanean. Mutiletan, berriz, 560koan brontzezko domina eskuratu zuten Goiherri taldeko mutilek.
Aurtengo berrikuntza selekzioen mailan zetorren, aspaldiko partez hor ere lehiatu behar zutelako. Aurten ere ez zieten «Euskal Herria» izenpean parte hartzen uzten, baina bai Euskadiko Herri Kirol Federazioaren izenean, baita euskal jantziarekin jokatzen ere, eta Espainiaren izena desagertu da karteletatik. Horrek zabaldutako atea baliatu dute berriro ere barrura sartzeko, eta selekzioen mailan urrezko dominarik iritsi ez baldin bada ere, bi domina lortu dituzte, eta horrekin oso gustura amaitu dute txapelketa.
Zilarrezko domina mutilen 560 kilokoan iritsi zen, eta 600eko mistoan, berriz, brontzea lortu zuten. Nesken kasua ere oso berezia da, Euskal Herrian ez baitira lehiatzen, talde bat besterik ez dagoelako; beraz, Europan zer gertatuko zen antzik ere ez zioten hartzen.
Selekzioen mailan ezin izan zuten atzo amaierako fasean sartu, baina kluben mailakoan Gaztedik laugarren amaitu zuen, domina lortzetik oso gertu geratuz. Mutilek ere pisu handietan ez dute ezer egin, baina hori ere oso normaltzat jo daiteke. Pisu aldetik oso arin ibiltzen dira, eta horrek Euskal Herrikoan balio die, denek ere pisua bertsua izaten dutelako, baina nazioartekoan gainerakoek pisua bete egiten dute, eta gero hor alde handia izaten da.
Nazioartean parte hartzeko ate hori zabaltzearekin ere oso gustura daude, eta denek laster Euskal Herriaren izenean parte hartzeko aukera ere izango dutela espero dute. Oraingoz pauso bat eman da, eta garrantzitsuena, euskal sokatira goi mailan dagoela ikusi da.