GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Trontza

Astondoak eta Etxeberriak irabazi dute Euskal Herriko Bigarren Mailakoa

p038_f02_097x096.jpg

J.L.

Etxeberriak eta Astondoak irabazi zuten atzo Uharte Iruñean jokatu zen Euskal Herriko Bigarren Mailako trontzalarien finala, eta Manolo Kañamaresek, berriz, Nafarroako Bigarren Mailako aizkolarien finala.

Trontzalarietan aldaketa batzuk izan ziren, txapela irabazteko faborito nagusiak ziren Ardeo eta Arozena ez baitziren joan. Bestetik, Kañamares V.ak ere ezin izan zuen parte hartu. Trontzalaria izateaz gain, futbolaria ere bada, eta asteburu honetan min hartu du futbolean. Bere ordez, Kañamares III.a aritu zen, aizkorako finalean lehiatu eta gero.

Bikote bakoitzak hamar epai eman behar izan zizkion etzanda jarritako 45 ontzakoari, eta bost, berriz, zutik jarritakoari. Etxeberriak eta Astondoak 6 minutu eta 5 segundo behar izan zituzten lan guztiak burutzeko. 40 segundo gehiago pasa zituzten Berruezok eta Oteizak, eta Kañamares III.ak eta Kañamares IV.ak, berriz, 45 gehiago.

Aizkolarien Bigarren Mailakoan, kañamarestarrak ziren faborito, eta ez zuten hutsik egin. Osabak, Manolok, txapela jantzi zuen. Gazteak, Julenek, bigarren amaitu zuen, eta hura ere datorren urtean Nafarroako Lehen Mailan arituko da. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen. Aldeak, berriz, handiak izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo