GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Trestles 2013: Taj Burrow txapeldun Kalifornian

Belaunaldi berrientzat aukera paregabea izan zitekeen rankingean gora egiteko, baina epaileek surf klasikoa ikusi nahi zuten eta, ondorioz, ustekabeko kaleratu asko izan zen Trestlesen. Lan handia egin ostean, txapela Taj Burrow australiarrak irabazi zuen.

p046_f01_148x144.jpg

p046_f02_97x144.jpg

p046_f03_148x60.jpg

p046_f04_47x80.jpg

p046_f05_97x80.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

WCT zirkuituko azken probak aldaketak eragin ditu ranking orokorrean. Taj Burrow australiarrak irabazi zuen Kaliforniako uretan eta oraindik aurtengo titulu mundiala eskuratzeko aukerak dituela erakutsi zuen.

Aurten WCTko itzulian emaitza onenak lortu dituzten lehiakide gehienek, ordea, ez zuten nahi bezalako posturik lortu; beraz, aldaketa garrantzitsuak izan dira rankingean. Gauzak horrela, Kelly Slaterrek lidergoa galdu du eta, egun, Mick Fanning da WCT rankingean buru.

Trestles Kalifornian dago, San Clemente eskualdean, eta bi arrazoigatik da famatua. Batetik, ingurune lasai batean olatu bikainak eskaintzen dituen lekua delako. Ez dira olatu handiak izaten, bi metro bitartekoak, baina ezker-eskuin lehertzen diren piko formako olatu bikainak izaten dira.

Trestles famatua izateko bigarren arrazoia bertako surflariak dira. 80ko hamarkadaren amaiera aldera bertako surflari gazteek «New Schooll» delakoa osatu zuten eta surf erradikala egiten hasi ziren. Batez ere airekoa izan zen ordura arteko surfarekin hautsi zuen ariketa eta ordutik, Trestles, airekoen eskola bilakatu zen.

Hortaz, Trestleseko olatuak airekoak egiteko olatu bikainak direnez, ikusleek txapelketa onetan munduko surflari onenak sekulako airekoak egiten ikustea espero zuten, baina ez zen horrela izan.

Txapelketako lehen txandetan mota guztietako airekoak egiten hasi ziren lehiakideak, batez ere gazteenak, baina ez zuten puntuazio handirik lortzen. Txandak aurrera egin ahala, gero eta garbiagoa zen epaileek puntuatzeko zein irizpide zuten: airekoek baino puntu gehiago jasotzen zuten bira indartsu eta gardenek. Alegia, surf klasikoa ikusi nahi zuten epaileek, eta horretan oso zorrotz jokatu zuten.

Epaileen artean irizpide klasikoak indar hartu zuen arren, zenbaitetan airekoak egiten zituzten lehiakideek, eta epaileek batzuetan puntuazio altua ere eman zuten, baina argi geratu zen gauza bat; alegia, aireko bat egin nahi zuen lehiakideak itzelezko airekoa egin behar zuen puntuak bildu nahi bazituen. Ez zuen balio aireko oso on batek, airekoak, egitekotan, bikaina, ezin hobea izan behar zuen.

Trestlesekoa, aurtengo WCT zirkuitua osatzen duten hamar txapelketetatik zazpigarrena izan da. Lehiaketa honen aitzinean Kelly Slater zen rankingean buru, iaz Trestlesen txapela eskuratu zuen lehiakidea, alegia; beraz, faboritoetako bat zen. Baina Floridakoak ez zuen hirugarren erronda pasatzea lortu, Patrick Gudauskas kaliforniarrak kaleratu zuen.

Bigarren errondan, ordea, Kellyk txapelketa honetako beste faborito bat kaleratu zuen; hots, Dane Reynolds, bertako surflaria. Reynolds ez dago WCT zirkuituan; alegia, ez dago munduko 34 lehiakide onenen zerrendan, baina Mitch Crews surflariarekin batera txapelketan parte hartzeko gonbidapen wildcarda jaso zuen antolatzaileen eskutik.

Ezusteko kaleratuen artean beste izen aipagarriak, John John Florence, Gabriel Medina eta Joel Parkinson aipatu behar dira. John John Florence eta Gabriel Medina airekoak egiten maisu direlako ziren faboritoetakoak, baina lehena Alejo Muniz brasildarrak kaleratu zuen bigarren errondan, eta Medina berriz, C.J Hobgoodek kaleratu zuen hirugarren errondan.

Medinaren kasuan oso kritikatua izan zen epaileen jarrera; izan ere, ikusleek brasildarrak argi eta garbi irabazi zuela zioten. Txapelketa honetan brasildarrekiko epaileek duten jarrera ere eztabaidagai izan da; izan ere, askok lehiakide brasildarrei gehiago exijitzen zaiela uste baitute.

Joel Parkinsonen kasua ere aipagarria da. Ez zuen hirugarren erronda pasatzea lortu eta txapelketa honen aurretik ranking orokorrean zuen hirugarren postua galduta, egun bosgarren postura jaitsi da. Dudarik gabe, kolpe handia iazko munduko txapeldunarentzat.

Egun, ranking orokorreko lehen postuan Mick Fanning dago, baina australiar honek ere ez zuen final-laurdenetatik harago joatea lortu; beraz, Kelly Slaterri lehen postua kentzea lortu badu, Slaterrek lortutako emaitza txarren ondorio izan da.

Metro eskas bateko olatuetan egin zuten finala Trestlesen. Bi australiar azkenengo txandan, bi belaunaldi; batetik, Taj Burrow (35 urte) eta, bestetik, Julian Wilson (24 urte). Bi norabidetako urautsian, Taj Burowek ezker olatuan aldeko apustua egin zuen batik bat, eta Wilsonek, berriz, eskuin olatuak baino ez zituen hartu.

Taj Burrowek olatu luzeagoak hartu zituen. Wilsonek berriz, itzelezko olatu bat egin zuen, baina bigarren olatu on bat falta izan zitzaion bere saioa behar bezala borobiltzeko. Burrowek ordea, olatu aukeraketan asmatu zuen eta bi olatu bikainekin garaipena eskuratu zuen.

Burrowek, Trestlesekoarekin, guztira WCT mailako hamabi txapelketa irabazi ditu goi mailan lehiatzen daramatzan urteetan. Gainera, Trestlesen hiru bider iritsi da finalera, eta behingoagatik txapela eskuratzeko irrikaz zegoen.

Burrowek berak honela azaltzen zuen txapel hau irabazteko nahia: «Benetan bikain sentitzen naiz. Benetan, garaipen hau beste edozein baino gehiago desiratzen nuen. Izan ere, bi bider geratu naiz hemen bigarren postuan, eta behin txapela eskuratzeko oso gutxi falta izan zitzaidan, Slaterrek azken minutuan irabazi baitzidan, eta ordutik sartua nuen arantza atera ezinean nenbilen. Beraz, ezin zoriontsuago nago behingoz irabaztea lortu dudalako».

Trestleseko txapelketaren ostean gauzak aldatu dira ranking orokorrean: lehen postuetan ziren gehienek behera egin dute eta gutxi batzuek gora egin dute. Horixe da, hain zuzen ere, finalean izan ziren bi lehiakideen kasua. Burrowek postu bat gora egin du, eta egun, WCT rankingeko laugarren postuan dago. Jualian Wilson, berriz, hamaikagarren postuan egotetik zazpigarren postura pasa da.

Trestleseko txapelketa amaituta hiru lehiaketa baino ez dira falta aurtengo zirkuitua amaitzeko, eta oraindik ez dago oso garbi zer gerta daitekeen. Itzuliko hurrengo geldialdia Frantzian izango da, Hossegorreko olatu borobiletan, irailaren 26a eta urriaren 6a bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo