Surflari Ernegatua
Portua, badia, ozeanoa eta surflariak
Mezuak Maputotik abiatzen ziren, «Portua», eta «Badia» (Swazilandia) zeharkatzen zuten. Helmugak, alegia Ronnie zegoen etxeak, «Ozeanoa» kode izena zuen. Bada istorio horretan, hemen argitaratzen ditudan artikuluetan hainbeste kritikatzen dudan kontzeptu edo irudi bati ematen dion bestelako adiera bat, errespetagarria: «Surflaria»
Ronnie Kasrils hegoafrikarra munduan zehar izan diren eta egun oraindik diren gatazka politiko anitzetan aditua da; Euskal Herrian kasu, eta bitartekari lanetan ere esperientzia zabala du. Kasrils jaunak, ordea, ibilbide luzea izan du diplomazia eta goi mailako politikatik at, eta Hegoafrikako zerbitzu sekretuen jo puntuan egin zituen urteetan ikasitako guztiak ere bere aditu «titulua» ez duela nolanahi eskuratu erakusten du.
Gidoilari eta zuzendari lanetan zebilen Ronnie gaztea, Hegoafrikako testuinguru politikoa zela medio, borrokaren zurrunbiloak irentsi zuenean. African National Congress (ANC) alderdian ardura politiko garrantzitsuak izan zituen 16 urtez, eta Alderdi Komunistan ere (SACP) aritu zen lanean 1986. urteaz geroztik. Besteak beste, Defentsa eta Inteligentzia ministro izan zen, baina aurrez urte mordoxka egin zituen sasian, eta guztia zehatz kontatzen du «Armed and dangerous» (Armatua eta arriskutsua) liburuan. Liburu bikaina da, batez ere, aldaketa garaiak zer diren eta nola kudeatzen diren ez dakigun garai hauetan.
Liburu horretako pasarte batean, Ronniek zera kontatzen du: sasian zela, korreo edo guda postari lanak egiteko kide berrien bila zebiltzala. Swazilandia zeharkatu eta Ronnie momentu horretan zegoen etxe ezkuturako bidea egin behar zuten kide berriek. Ronnie eta bere lagunak zeuden etxea gela desberdinez osatutako bulego nagusi moduko bat omen zen. Logelei, «galerak» deitzen zieten, etxe hura itsasontzi moduko bat izango balitz bezala.
Itsasontzi hartatik kudeatzen zituzten, beraz, haien eginbeharrak, eta itsasoan urez inguratua dagoen ontzia bezala, ezkutuko klabeak metafora gatzatuz estaltzen zituzten. Horrela, esate baterako, mezularien bidaiak hiru puntu lotzen zituen, hasiera, bidea eta helmuga, eta puntu bakoitzak kode izen bat zuen, edo hobeto esanda sasi-izen bat. Mezuak Maputotik (Mozambike) abiatzen ziren, «Portua», eta Swazilandia zeharkatzen zuten, «Badia». Amaierak, alegia, helmugak, (Ronnie zegoen etxe ezkutuak,) «Ozeanoa» goitizena zuen.
Metafora polita iruditu zait portua, badia eta ozeanoa batzearena. Baina bada istorio horretan, hemen argitaratzen ditudan artikuluetan hainbeste kritikatzen dudan kontzeptu edo irudi bati ematen dion bestelako adiera bat. Beti purrustaka aritu natzaion izen bati, nik ez bezala, errespetuzko adiera bat eman dio Kasrils jaunak. Harritu nau, eta grazia egin dit, horregatik ekarri dut lerro hauetara. Badakizue portutik ozeanora mezu ezkutuak garraiatzen zituzten kide haiei jarritako izen klabea zein zen? «Surflariak».