GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

josebe egia

Gogotsu bestelako bideetarantz

Fernando etorri zait gogora Aita Santuari egindako elkarrizketa irakurrita. Pozik eta harro irudikatu dut, berak ere elkarrizketa irakurri badu, behintzat. Burura etorri zait, bera baita fede katolikoaren jarraitzaile aktiboetan ezagutu dudan bakarra, hurbiletik, haren esanak eta eginak gertutik ezagututa.

Adinekoari begirunea zor zaiolako-edo, sekula ez nion galdetu nola demontre zebilen Elizaren lagun, gorroto bizia baitzien krudelkeriari, hipokrisiari eta, batik bat, itxurakeriari. Gaixo jartzen zen gizona maiatzetik aurrerako zapatuetan eliza jendez gainezka ikusten zuenean, eliza sekula zapaldu gabeko bikote gazteak hara joaten zirenean ezkontzera, edo seme-alabaren bat bataiatzera. Ezin zuen jasan erlijioari inolako errespeturik ez diotenek, zertan den ere ez dakitenek, egun zehatz bati distira ematearren tenplua erabiltzea. Sutan jartzen zuen herriko apaizak horren aurrean ezikusiarena egin eta beste barik onartzeak. Ika-mika ederretan ibili zen harekin urteak joan eta urteak etorri. Ziur asko, gaur egun ere hari kargu hartzen jarraituko du.

Baina oraingo Aita Santuaren iritziak eta jarrera ezagututa, gozoago ibiliko da Fernando. Izan ere, berak pobreak, ezinduak, mundu honetako apartatuak, bakarrik daudenak... horiek izaten zituen bere ekintzen jomugan. Eta argi zeukan: inori laguntzeko, haren ondoan egon behar da, begiradek elkar gurutzatu behar dute. Horrek sufriarazten zuen Fernando, bera bezalako asko eta askoren lan ona, interesik gabeko eskuzabaltasuna, transmititzen saiatzen diren eredua, Elizaren ordezkariek, hain justu, zapaltzen eta baliogabetzen dutela, euren obsesio ergelekin, diruzaletasunarekin, botere kontuekin eta jendearen benetako arazo eta sufrimenduekiko urruntasunarekin. Eta, jakina, desberdina dena epaitzeko harrokeriarekin.

Horregatik uste dugu Eliza hilzorian dagoela. Mandatariek irudikatzen eta sustatzen duten mundua, bizimoduak, ez datozelako bat garai honekin, munduak aurrera egiten jarraitu duen bitartean, bere milioi bat aldaketekin, Elizaren gidariek burbuila zaharkitu eta hertsi batean mantendu dutelako. Belaunaldi berriek ez dutelako ezer topatzen bertan, etengabe dena eta denak kondenatzen dituzten gizon zahar eta suminduak baino ez.

Orain, baina, baliteke Aita Santu honek Elizaren etorkizuna iraultzea. Horretan hasia dela dirudi, Elizaren hutsak zuzen eta garbi esateko inolako arazorik gabe, are gehiago, gogotsu. Bai, gogotsu dirudi Aita Santuak Elizak beti baztertu dituenak parera ekartzeko, egitura zurrunak leherrarazi eta pertsonak, guztiak, erakartzeko, mundu honi aurrez aurre begiratu eta gauzak beste modu batera egin beharra dagoela ulertarazteko, bestelako konpromisoak hartzeko. Aita Santuak jakingo du berak esandakoek hauts asko eta oso trinkoak harrotuko zituela, eta ur oso handitan igeri egin beharko duela, baina jakin ere jakingo du gure Fernando bezalako milaka laguni gogoa bueltatuko ziela. Eta horiek direla, hain zuzen, berak irudikatzen duen Elizaren etorkizunaren gakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo