61 DONOSTIA ZINEMALDIA
Maitasunetik gorrotora ez dago tarte handirik, 30 urte batera egon ostean
Ezkondu zireneko 30. urteurrena ospatzeko asteburu pasa Parisera joan den bikote britainiar baten gorabeherak erakusten ditu «Le week-end» filmak. Roger Michell («Notting Hill», «Enduring love») zuzendariaren eta Hanif Kureishi gidoigilearen lana biribiltzen duten Jim Broadbent eta Lindsay Duncan dira aktore nagusiak. «Bikote harreman luzeen argi-itzalak» agerian utzi nahi izan dituela esan zuen Michellek. Atzo estreinatu zen Zinemaldiko Sail Ofizialean.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
«Maitasunetik gorrotora pasatzeko bost minutu nahikoa dira 30 urteko harreman batean», dio «Le week-end» filmeko protagonistak. Nick (Jim Broadbent) eta Meg (Lindsay Duncan) irakasle erretiratuak dira eta Parisera itzuli dira, eztei-bidaia egin zuten tokira. Baina hiru hamarkadaren ondoren, asteburua ez da uste bezain ederra izango. Aldatu egin da Paris, baina, batez ere, beraiek dira aldatu direnak.
«Protagonista helduak nahi genituen. Bizitza interesgarriagoak dituzte maitemindu berri diren gazteekin alderatuta. Gure adineko gehienok harreman luzeak ditugu eta hau planteatu nahi genuen: zer gertatzen da 30 urteren ondoren elkarrekin jarraitzeak merezi izateko? Seme-alabek etxetik alde egiten dutenean eta berriro bikotea bakarrik gelditzen denean, zer egin orduan?», azaldu zuen Hanif Kureishi (Londres, 1954) gidoilariak.
Hori guztia kontatzeko, komedia erabiltzen du «Le week-end» filmak. «Senar-emazte harreman batean dauden argi-itzalak islatu nahi genituen, harreman errealetan gertatzen den moduan, 30 urte pasa beharrik ez da», gaineratu zuen Roger Michellek, Hegoafrikan jaioagatik, Britainia Handian «Notting Hill» (1999) eta «Enduring love» (2004) filmekin ezagun egin denak.
Protagonisten pisua
Filmaren pisua bi aktore protagonistek dute, nahiz eta atzo biek meritu guztia gidoiari eman. «Bi pertsonaiek erakartzen ninduten, bai nireak, baita emakumearenak ere. Biek zituzten identifikatuta sentiarazten ninduten ezaugarri asko», azaldu zuen Broadbentek, 2001ean «Iris» pelikularekin taldeko gizonezko aktore onenaren Oscarra eskuratu zuen berberak. «Nire adineko emakume bati hain paper garrantzitsuak eskaintzea oso arraroa da», gehitu zuen Duncanek.
Bikoteko emakumeak azaleratu egiten ditu bere desilusio eta etsipenak, askotan senarrarekin oso zakar jokatuz. Senarrak ere baditu noski, baina bere baitan eramango ditu, gordetzearen gordetzeaz eztanda egin arte. «Ez daude irudi dezakeen bezain ozpinduta -argitu zuen Duncanek-, jolasean aritzen dira, ero samarrak dira...».
Aipatzekoa da, bestalde, Jeff Goldblum aktorearen lana, kasualitatez Parisko kaleetan topatuko duten Nicken unibertsitateko lagun zahar baten paperean.
Parisen filmatu zuten hiru astetan lana, talde murritzarekin eta bi milioi euro inguruko aurrekontuarekin. «Ingalaterratik nahiko ohikoa da Parisera bidaiatzea, askoz errazagoa da Donostiara edo Europako beste edozein hiriburutara bidaiatzea baino. Trenean sartu eta bertan zaude. Gainera, argiaren eta maitasunaren hiria izanik, kontrapuntu hori bilatu dugu», adierazi zuen Michellek.
François Dupeyron ganó la Concha de Oro del festival de Donostia en 1999, con la película «C'est quoi la vie?». Esta es la tercera vez que vista Zinemaldia.