GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Merkel, amaren besarkada goxoa

Mirespena, Merkelek hirugarrenez jarraian eskuratu dituen hauteskunde emaitzak mirespena merezi dute. Marka espektakularra ezarrita, alderdi kontserbadoreak baino, berak irabazi du. Alemaniarren bihotzak irabazi ditu, gobernatzeko bere naturala biziki estimatzen dute, itxurakeriaren eta narzisismoaren menpekotasunik gabeko bere estiloa, familiaren -nazioaren- diruak gobernatzen dituen etxekoandre apalaren ideia, lana egiteko bere kuraia. Alemaniaren «amatxo» bat bezala ikusten dutela uste dut. Den modukoa izateagatik eta artifiziorik gabe adierazteagatik irabazi duelakoan nago. Ez bakarrik horregatik, jakina, baina, besteak beste, horregatik ere bai, bai.

Europaren amesgaizto bilakatu den krisiak, ezkerreko ala eskuineko, erreskatatua ala txukun samar eusten dion herrialdekoa izan, dozena bat gobernu eraman ditu aurretik. Hamabi! Merkel salbuespena da. Botoekin ipurdian ostikada ematea izan da insurgentzia herritarraren forma bat, Alemanian izan ezik. Populisten eta ultren gorakada politikaren zentralidadea okupatuz joan da; Alemanian -oraingoz- ez dago halakorik. Europako parte askotan bizi maila, lanpostuak eta oparotasuna gainbeheran daudela, Alemanian egonkor daude. Eta abar.

Karikatura eta estereotipo andana egin da Angela Merkelez. Sentsibilitate sozial gabeko bihozgabea, «aleman gaizto eta dominante» baten «diktadura»-ren birsortzearen mamua, Hitlerren bibotearekin kartelak... baina alemanek beren onespena argi eta garbi adierazi diote. Mandatu zehatza eman diote bere estilo eta norabidean gobernatzen jarraitzeko. Eta bai, gehiago ala gutxiago gustatu, paper horretan Merkel bera gusturago ala desgustura egon, Europaren buruzagi dudagabekoa dugu, garai historiko honetan aztarna utziko duena.

Nola erabiliko duen boterea? Segur aski, azken agintaldia izango duen honetan zer aldatuko den? Zein ondare utziko duen historiarako? Zutabe honetan kabitzen ez diren erantzunak dituzten galderak, nire konpetentziari eskapatzen zaizkionak. Hori bai, Alemaniarentzat hori da Merkel: amaren besarkada goxoa. Umeek eta denok bezala, nazioek ere hori behar dutelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo