GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baiona 2014-k hurrengo tokiko bozetarako hainbat erronka aurreratu ditu

Martxoan izango dira udal eta hiri elkargoetako ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak. Baiona 2014 taldeak aspaldi ekin zion lanari. Jean-Claude Iriartek, hautagaitza ezkertiarraren buruak, atzo aurkeztu zituen ACBA hiri-elkargoari begira dituzten erronka nagusiak.

p012_f02.jpg

GARA | BAIONA

Egitarauaren eta hautagaien zerrendaren lanketan buru-belarri ari dira jada Baiona 2014ko kideak. Jean-Claude Iriart izango da joera ezkertiarra izango duen hautagaitzaren buru eta bertan sentsibilitate askotariko hautagaiak bilduko ditu, tartean baita abertzaleak ere.

Martxoan izango diren bozetan bi motatako hautetsiak aukeratuko dira. Batetik, udal zinegotziak, eta bestetik, herri eta hiri elkargoetako ordezkariak. Hain zuzen ere, azken erakunde horri begirako erronka nagusiak aurreratu zituen Iriartek atzo, Baionan, Veronique Wagner bere kidearekin batera.

Lehenik eta behin, beren kexa azaldu zuten, erakundeok gero eta eskumen gehiago hartzen ari direlarik herritarrei hiri elkargoei buruzko informaziorik apenas ematen zaielako. Esaterako, Baiona, Biarritz, Angelu, Bokale eta Bidarte herriek osatutako ACBA hiri elkargoak garraio publikoaren sarearen garapena, enplegu produktiboaren sorrera edota etxebizitza sozialaren sustapena bere gain ditu, besteren artean.

Horrenbestez, «baionarren eta inguruko herritarren eguneroko bizitzan berebiziko garrantzia» duten gai horiek ez mahai gaineratzea deitoratu zuten. Hala, Baiona 2014 taldearentzat aipatu hiru esparru horiek lehentasuna izango dute beren programan.

Aitortza instituzionala

Horrekin batera, euskararen sustapena, EAErekin eta Nafarroa Garaiarekin harremanetan sakontzea eta Ipar Euskal Herriko erakundetze propioaren aldarria ere lehen mailako ardatzak izango dira bere egitasmoan. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren «aitortza instituzionalaz izanen diren gogoeta guztietan» parte hartuko dutela esan zuten.

Are gehiago, hiri elkargoen eskuduntza eta ardurak erakunde propioarenarekin «koherentziaz eta osagarritasunez» eraiki behar direla diote.

ACBAri begira, proposamen zehatzak ere aitzinatu zituzten. Esate baterako, uste dute hiri elkargoaren presidentea inola ere ez litzatekeela izan behar bost herri horietako auzapezen edo ardura handiko auzapezorderen bat. Gaur egun horrela gertatzen da, baina karguak duen lan-zamari behar bezala erantzuteko, Baiona 2014ren iritziz, «erabateko arduraldia» izan beharko luke.

ACBAren hedapenaz, «ikuspegi hegemonikoak» baztertzea eta inguruko herrien integrazioan ez tematzea planteatzen dute. Eskumen berriei buruz, berriz, herriek kultur politika hiri elkargoaren eskuetan uztearen aldekoa da.

Kirol politikari dagokionez, eskuduntzaren transferentzia esparru horretako eragile, boluntario eta elkarteekin adostu beharko litzatekeela uste dute.

KANPAINAN

Baiona 2014 taldeak hilabeteak darama udal eta hiri elkargoetarako hauteskundeak prestatzen. Orotara joera ezkertiarra duten ehun bat pertsona bildu dira lanera, tartean baita abertzaleak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo