GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

ZURI-GORRIEN ORROAK

Ikasten

p031_f01_97x176.jpg

 

Aritz SOLABARRIETA Futbolaria

Pasa den aste guztia egon ziren komunikabideak Celtaren aurkako partiduko akatsei buruz hitz egiten, eta kritika horien erdian bi jokalari, Iago Herrerin eta Erik Moran. Bi jokalari gazte, iritsi berriak eta hasieratik ikusi dutenak lehenengo mailan partidua ez dela 90. minutuan amaitzen.

Atezaina partidu on bat egitetik zetorren Bernabeun, eta Valverdek bere konfiantza erakutsi zion hurrengo partiduan ere. Egia da ez zuela aurreko asteko segurtasuna erakutsi, baina ez dut uste partidu bat nahikoa denik zerutik infernura jaisteko. Astelehenean Gorka itzuli zen atera, baina jarrai dezala Iagok pasa den astera arte bezala lanean. Ezin dezakegu atezain bat galdu, zoritxarrez pasa den urtean gertatu zitzaigun bezala.

Erdilariaren kasuan, lehenengo partidua hasierako hamaikakoan, zelai berrian, eta partidua hasi eta berehala, bere pase bat moztu eta gola. Gogorra da partidua horrela hastea, oso, baina apurka-apurka buelta eman zion egoerari, eta hori ez da lan xamurra. Valverdek ez zuen aldatu, bere konfiantza erakutsi zion. Egia da honek ere astelehenean ez zuela partidua jokatu, baina gaur egungo talde zuri-gorriko zelai erdian leku bat egitea ez da erraza.

Partidu aurreko prentsaurrekoan, Valverdek esan zuen jokalari hauek lehenengo mailako jokalariak direla, hasiberriak bai, baina lehenengo mailakoak, eta hemen akatsak oso garesti ordaintzen direla. Asko daukate emateko gazteek, baina batez ere asko daukate ikasteko, bai zelaian gertatzen denaz eta bai zelaitik kanpo hurrengo aste osoan jokatzen den `partidu' horretaz.

Asteleheneko partiduaren inguruan, ondorio positiboren bat ateratzea ez da erraza. Zelai erdia gogortu zuen Valverdek (orain hamar urte, zuri-gorrien aulkian egin zuen lehenengo etapan, etxetik kanpoko partiduetan ere hori egiten zuen) Mikel Rico eta Iturraspe ipiniz, Beñat aurretik zutela, eta De Marcos Susaetaren lekuan. Ez zitzaion ongi atera apustua. Aduriz oso bakarrik aurkitzen zen defentsa guztiekin borrokan eta Beñatek denbora gehiegi pasatu zuen aurkariaren ateari bizkarra emanda, jokoan sartu gabe. Eta taldeak asko nabaritu zuen hori. Baina horrelako porrot bat ahazteko onena hurrengo partidua lehenbailehen iristea da, eta gainean daukagu jada Betisen aurkako partidua.

Telebistak ordaintzen eta agintzen duela jakinik, irail honetan hiru astelehenetan jokatu beharko du Athleticek. Ez da egunik egokiena zaleentzako, zelaira joateko oso berandu izaten delako, baina gehien amorratzen nauena Cuatro-ko esatari `sabelotodo' horiek jasan beharra izaten da, nor baino nor, batak bestea baino gehiago dakielakoan. Nire irudipenak izango dira agian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo