GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

61 DONOSTIA ZINEMALDIA

Sexualitatearen esnatzea eta torturen epe luzerako ondorioak

Istorio erreal batean oinarritutako «The railway man» zuzendu du Jonathan Teplitzkyk. Gerran jasandako torturen mamuak jasan ezin dituen Eric Lomax eta bere emazte Patriciaren istorioa hezurmamitu dute Colin Firth eta Nicole Kidmanek. «Club sandwich», aldiz, sexualitatearen esnatzea bizi duen semearen eta bere amaren arteko pelikula samurra da, Fernando Embcke mexikarraren hirugarrena. Sail Ofizialean aurkeztu ziren atzo bi filmak.

p040_f01.jpg

N. BELASTEGI - A. ARRUTI | DONOSTIA

Bigarren mundu gerran japoniar soldaduengandik Thailandian jasandako torturak ezin burutik kendu dabil Eric Lomax (Colin Firth) beteranoa. Trenak ditu pasio eta horietako batean ezagutuko du gero emazte izango duen Patricia Lomax (Nicole Kidman). Gerrako mamuek ez diote, ordea, lasai bizitzen utziko eta ez du atsedenik izango mendekua hartu arte, batez ere Takashi Nagase torturatzailea bizirik dagoela jakin ondoren. Errealitatean gertatutako istorio hau kontatu du Jonathan Teplitzky («Burning man») zuzendariak «The railway man» pelikulan. «Gizakiaren onena eta txarrena erakusten du filmak», esan zuen zuzendariak.

Eric Lomaxek idatzitako liburuan oinarritzen da filma eta bide luzea egin du pantailara iritsi arte. «Lehenengo zirriborroa duela hamabost urte egin genuen», esan zuen Frank Cottrell Boyce gidoilariak. Protagonista estreinatu aurretik zendu da -oso gaixorik zegoela filmaziora bisita egin ahal izan zuen- baina atzo bere alarguna Donostian izan zen. «Pelikulak erakusten du posible dela aurrera egitea horretarako prest baldin bazaude», esan zuen, eta gerrako beteranoei ez zaiela laguntza psikologikorik ematen gaineratu zuen. «Nire senarrak jasandako gauza asko ez dira ageri pelikulan. Berak esan zidan bestela ez zela inor etorriko filma ikustera».

Orainaren eta iraganaren artean jauziak egiten ditu pelikulak, Britainia Handiko etxe girotik Thailandian trenbidea sortzeko sortutako lan eremu eta tortura guneetara.

Barkamenaz, errenditzeaz, mendekuaz, gorrotoaz... hausnartzen du filmak. «Tortura ez da onargarria inolako kasutan», adierazi zuen Bill Curbishley ekoizleak. «Baina azkenean argi dago maitasunaren indarra gorrotoarenaren gainetik gailentzen dela».

Lomaxek ere ideia horri eutsi zion. «Gorrotoak zu zeu zauritzen zaituela esan zidan behin Eric-ek Thailandiako hilerri batean. Gorrotoak uneren batean amaitu egin behar duela».

Sexualitatearen ernatzea

«The raiway man» ez bezala, «Club Sandwich» istorio samurra da, sexualitatearen ernatzearen ingurukoa. Protagonistak ama (Maria Renee Prudencio) eta bere semea, Hector (Lucio Gimenez), dira, oporretan joan eta ahal duten bezala ondo pasatzen saiatzen direnak. Halako batean Jazmin (Danae Reynaud) izeneko neskatila bat ezagutuko du Hectorrek eta beraien artean berehala tentsio sexuala sortuko da. Fernando Eimbcke zuzendariaren esanetan, bi hilabete eman zituzten filmatzen. Denbora horretan aktoreen arteko harremana indartzen saiatu zen. «Maria Reneek eta Luciok elkarrekin denbora pasatzen zuten eta lagunak egin ziren. Danae beranduago iritsi zen, eta horrela, nahi genuen intrusismo puntua lortu genuen».

Izan ere, ama deseroso sentitzen da bere semea hazten ari dela ikustean. «Nik 8 urteko alaba bat daukat eta egia da oso azkar hazten direla haurrak, eta egun batetik bestera gauza asko galtzen dituzula. Lucioren aldaketa ere ikusi dut, nola ume izatetik gizontxo izatera pasatu den», kontatu zuen Prudenciok.

Sexualitatearen ernatzea kamera aurrean antzeztea Gimenezentzat zailagoa izan zen Reynaudentzat baino. Izan ere, neskak hainbat film labur egin ditu gai honen ingurukoak. «Amari esan nionean esan zidan `Danae, 10 urte dituzunetik ari naiz ikusten zure sexualitatearen ernatzea' -aipatu zuen aktoreak-. Gainera, banekien Fernandok gaia gozotasunez jorratuko zuela. Gimenezek hori asko eskertu zuen. «Hasieran lotsa eman zidan, baina pixkanaka gidoian sartzen hasi nintzen. Fernandok ez gaitu egoera zailegietan jartzen. Asko laguntzen gaitu».

AMAITU BEHARRA

«Gorrotoak momenturen batean amaitu egin behar du», esan zion Eric Lomaxek bere emazteari. «Baina hori ez da goizetik gauera lortzen den zerbait», gaineratu zuen atzo Patricia Lomaxek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo