Roxy Pro France 2013: Sally Fitzgibbons australiarrak irabazi du Seignossen
Uztailean Biarritzen egitekoa zen Emakumezkoen Munduko Txapelketa bertan behera utzi zuten olaturik ez zelako, eta txapelketa haren ordezkoa joan den astean egin zuten Seignossen, Landetan. Oharkabean pasa da, baina oso txapelketa garrantzitsua izan da.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Joan den ostegunean ez zen Hego Euskal Herrian Hossegorreko Emakumezkoen Munduko Txapelketaren berri eman zuen egunkaririk. Gehienek Aritz Aranburu zarauztarra ostegunean bertan Hossegorren lehiatzen hastekoa zela ematen zuten aditzera.
Pare bat hilabete lehenago Biarritzen egitekoa zen eta egin ez zen Emakumezkoen Munduko Txapelketak zeresan handia eman zuen, aurkezpen bideo polemiko bat zela-eta, baina asteazkenean, halako batean egitea lortu zuten txapelketak ez zuen inongo oihartzunik izan.
Hala ere, txapelketa garrantzitsua izan zen, gauza interesgarriak gertatu ziren Hossegorren, eta, egun, nesken munduko ranking orokorrean gauzak puri-purian daude; izan ere, Carissa Moore hawaiiarrak lehen postuan segitzen du, baina aurtengo itzulia amaitzeko txapelketa bakarra falta denean, oraindik lehen postua eskuratu eta munduko titulua lor dezaketen beste lehiakide batzuk ere badira, Tyler Wright gaztea kasu.
Metro eta erdiko olatu garbi eta luzeak izan ziren Seignossen, antolatzaileek Emakumezkoen Munduko Txapelketako finala egiteko aukeratutako lekuan. Bi surflari uretan, biak australiarrak, biak oso gazteak, 22 urteko Sally Fitzgibbons eta 19 urteko Tyler Wright.
Biak bikain aritu ziren, sekulako olatuak egin zituzten eta epaileek puntuazio altua eman zieten bi lehiakideen olatuei. Bakar batek irabazi behar du, ordea, eta Fitzgibonns izan zen Seignossen nagusitu zena.
Sally Fitzgibbonsek guztira 17,67 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin. Tyler Wrightek, ostera, hamar puntu jaso zituen aireko bikain batekin amaitu zuen olatu bati esker, baina bere bigarren olatu onenak 7 puntu jaso zituen; beraz, guztira 17 puntu lortu zituen. Alegia, bere arerioak baino 0,67 puntu gutxiago bildu zituen Tylerrek, eta, ondorioz, alde txikiaz bazen ere Fitzgibbonsek irabazi zuen eta Wrightek rankingeko lehen postura igotzeko izan zezakeen aukera galdu zuen.
Honela kontatzen zuen Fitzgibbonsek txandaren hasieran Wrightek egin zuen hamarrekoa ikusitakoan zer sentitu zuen: «Egoera bitxia zen. Nik lehentasuna nuen eta eskuin olatu bihurri bat gerturatu zen, baina ni ezker olatu on baten zain nengoen. Tylerrek hartu zuen olatua, forma hartu zuen eta amaieran aireko bat egiten ikusi nuen. Orduan pentsatu nuen, `orain hasten da benetako lehia, zerbait itzelezkoa egin behar dut hori gainditzeko'. Pazientzia eta pertseberantziarekin, burua hotz izan eta lortu dut. Oso pozik nago».
Gauzak horrela, egun, munduko titulua eskuratzeko bigarren postuan da Tyler rankingean, Carissa Moore hawaiiarraren atzetik; hortaz, itzuliko zortzigarren eta azken txapelketan aurtengo titulua irabazteko aukera handia du australiarrak.
Landetan irabazi zuen Sally Fitzgibbonsek postu bat gora egin, eta egun hirugarren postuan da rankingean. Pauline Ado hendaiarrak ere gora egin du eta zortzigarren postuan kokatu da. Beraz, datorren urtean ere goi mailan jarraitzeko aukera izango du.
Gizonezkoei dagokienez, berriz, txapelketako lehen txandak egin zituzten, baina larunbatean olaturik ez zela-eta txapelketa etetea erabaki zuten antolatzaileek. Olatuen altuerak gora egin ahala ekingo diote berriz ere lehiatzeari.
Hamar txapelketak osatzen dute aurtengo WCT itzulia. Ho-ssegorrekoa zirkuituko zortzigarren txapelketa da eta urriaren 6a baino lehenago amaitu behar da; izan ere, jarraian Portugalen izango dira munduko 34 lehiakide onenak, urriaren 9a eta 20a bitartean.
Asteazken honetan bertan itsasoak gora egin dezake, eta horrela bada, hirugarren errondei ekingo diete lehiakideek. Bertan izango da gonbidapen wildcard bati esker parte hartu ahal izan duen Aritz Aranburu zarauztarra, eta hamaika bider munduko titulua eskuratu duen Kelly Slater amerikarraren kontra lehiatu beharko du. Olatu indartsuak badira Aritzek Hossegorren duen esperientzia erakutsi ahal izango du.