GARA > Idatzia > Mundua

Lo zeuden dozenaka ikasle hil dituzte indar jihadistek Nigeriako iparraldean

Yobe estatuko Unibertsitateko Nekazaritza Eskolaren aurkako erasoan gutxienez 40 pertsona hil zituzten erasotzaileek. Poliziaren esanetan, hildako gehienak ikasleak ziren eta erasoa hasi zenean lo zeuden. Beste 27 pertsona ere hil dituzte azken egunotan indar jihadistek.

GARA | DAMATURU

Goizean goiz iritsi ziren atzo Nekazaritza Eskolara erasotzaileak. Bertan bizi diren ikasleen aurka tiroka hasi ziren eta horiek ihes egiten saiatzea beste erremediorik ez zuten izan. Milaren bat lagunek lortu zuten ikastetxetik bizirik irtetea, baina gutxienez 40 bertan geratu ziren, hilda.

Sanusi Rufai Poliziako eledunak Reuters berri agentziari azaldu zionez, erasoa hasi zen unean ikasleak lotan zeuden. Lekuko batek jakinarazi zuen Damaturuko erietxean 40 hildako zenbatu zituztela, gehienak ikasleak.

BBC telebista kateak eskainitako informazioaren arabera, Boko Haram talde armatuko jihadistek egin zuten erasoa. «Nigeriako Gobernua hankaz gora botatzeko ahaleginean, Boko Haram taldeak inguruko eskolen aurkako makina bat eraso egin ditu», dio BBC-k.

Beste 27 hildako

Molima Idi Mato eskolako errektoreak adierazi zuen hildakoen gorpuak bi kamioitan eraman zituztela erietxera, eta biktima gehienak gizonezko gazteak zirela.

Yobe estatuko agintarien eledun Lazarus Eli-k esan zuenez, erasotzaileek instalazioei su eman zieten.

Boko Haram talde jihadistari leporatutako beste bi eraso ere izan dira azken egunotan Nigeriako iparraldean. Joan den asteazkenean, Fulkutari herrian 6 pertsona hil zituzten, eta ostegunean, Kanumburin, beste 21.

Nigeriako Armadak joan den maiatzean Boko Haram taldearen aurka abiarazi zuen erasoaldiak ez du oraindik lortu jihadisten erasoak saihestea, nahiz eta Goodluck Jonathan presidenteak larrialdi egoera ezarri zuen Yoben eta ondoko beste bi estatuetan, Bornon eta Adamawan hain zuzen.

EUROPAR BATASUNA

Catherine Ashton Europar Batasuneko diplomazia buruak gaitzetsi egin zuen ikasleen aurkako atzoko erasoa eta esan zuen egileak epailearengana eramateko ahaleginak egin behar direla

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo