GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria

Inoiz joan badira

Itzuli dira gizon-emakume armatuak, inoiz joan badira. Itzuli dira euren uniforme arrotzekin eta bertako uniformedun konplizeen babesarekin berriz kolpatu dute; gogor kolpatu gainera, zu kolpatu zintuzten modu eta leku berean, zu kolpatu zintuzten arrazoi beragatik. Asko gogoratzen ari naiz zurekin egunotan.

Itzuli dira garai bateko titularrak, eta egunkarien azalak atzoko irudi lazgarriz bete dira, izenburu bat eta argazki finko bat amorrua, samina eta kezka jasotzeko gai badira. Zurekin egunkari horien hitzak zenbatetan komentatu izan ditudan gogoratu dut. Ezin zerrendatu elkarrekin eman genituen irrati-ordu guztietan mintzagai izan genituen atxiloketa, basakeria eta eskubide-urraketa guztiak. Sarri akordatzen naiz irrati-ordu horiekin.

Itzuli dira izen-abizenak zerrendatzeko egunak, aurpegiak herrialdeka sailkatzeko une latzak. Ane eta Gorka gurean, beste hamasei lagunekin batera. Inoiz ez dira joan senideekin egoteko gauak. Animoak ezerezetik ateratzeko ahaleginak egin behar diren horietakoak. Arras ongi gogoratzen dut zuk abilezia berezia zenuela zeregin horretan.

Eta itzuli dira, inoiz joan badira, elkartasun keinuak eta doinuak. «Lepoan hartu» Gasteizen edo «Txoriak txori» Hernanin; abestea elkartasuna bezainbeste maite duen herrian jaioak gara. Inoiz ez dira joan kolpe bakoitzaren osteko indar eta elkartasun erakustaldiak, larunbatean Bilbon gauzatuko den bezala edo hil amaieran Arabako Udazkenfest jaialdian begi bistan geratuko den moduan, musikarekin ere elkartasuna. Asko gogoratzen ari naiz Karrocer'as Beto-rekin azken boladan.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo