GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Aritz Soloeta Garmendia | Otxandio

Jabego-aberastasuna

Helburu nagusitzat gizakien enpatia xurgatzea besterik ez duen patriarkatuaren indar erakustaldia. Norbanakoaren interes pribatua indartu eta elkartasuna alboratzen duen kapitalismoaren ekarpenik pozoitsuena. Zein dira, bestela, gaur egun, etxe-mailegu baten menpe bizitzearen ondorioak? Zein da zerbaiten jabe izateko nahi edo behar horretan ezkutatzen den errealitatea?

Iraganari begirada bat ematen badiogu, hasieran ideia komunistak hedatu eta defendatu izan zituen kristautasuna ere geroxeago ondasun pribatuaren interesak babestera igaro zela ohartuko gara. Tomas Aquinok, esaterako, aukeraketa hau ondasun erkiderako onuragarriena zela aldarrikatu zuen, jabego bateratuak gizartean desadostasunak sortzen zituela argudiatuz. Ageriko moneta sistema, gaur egun funtzionatzen duen bezalaxe, gizartea kontsumismoaren lokatzetan itoaraztea ahalbidetzen duen amesgaiztoa baino ez da, herritarrak esklabotzen dituen armarik eraginkorrena, hain zuzen. Trukeak egiteko dirua erremintatzat erabiltzen duen ongizate-estatua materialista da derrigorrean.

Zoriontasuna, aldiz, ondare ez-materiala da, ulermena eta elkar laguntza sustatzen dituen barne indarra, finean sorkuntza elkarrekin lantzea baita gizakiok bizitzan daukagun nahirik egiazkoena. Beraz, gizaki askoren desiraren aurka joan arren, bidegabetzat jo beharko litzateke herritarrak jabegoan zerbait izatera behartzen dituen gizartea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo