GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Idurre Gastañazatorre Gorritxategi Psikopedagogoa eta Sortuko kidea

Zaintza partekatua bai, baina ez kasu guztietan

«Zaintza partekatua ez dugu lehentasunezko lez ulertu behar», dio egileak Legebiltzarrean tramitatzen ari den proposamenaren harira, «baizik eta amatasun eta aitatasunaren ondorio desiragarri bat lez». Hainbat autorek dioten bezala, zaintza partekatua egoera idilikoa, ezin hobea da, baina arrakasta osoa izateko baldintza batzuk bete behar ditu. Kasu bakoitza bakarra da eta banan-banan aztertu beharra dago.

Legebiltzarrean tramitatzen ari diren proposamenean zera esaten da: «Gurasoetako baten kontrako jarrera edo bien arteko liskarrak ez dira oztopo ezta arrazoi izango zaintza partekatua ez emateko». Bikote-banaketa prozesu soziologiko, legal eta psikologikoa da, pairatzen duten pertsonengan ondorioak dituena. Trantzea pasatu beharra dago, baina egoera hori kudeatzen den moduaren arabera, ondorioak era batekoak edo bestekoak izango dira. Eta batez ere, bikote banatuak seme-alabak baditu.

Bikote-banaketa gertatzen denean, gurasoek guraso izaten jarraitzen dute, eta guraso lez dituzten eginkizunak birdefinitu egin beharko dituzte emozio handi eta kontrajarrien artean. Emozio hauek etsaitasuna, estimua, haserrea, pena, arbuioa, antsietatea edo izua izan daitezke. Dakigunez, zaintza partekatuaren filosofia «emakume eta gizonezkoen berdintasun errealean, gurasoen erantzukidetasunean eta haurraren ongizatean datza».

Azken egunotan idatzitako artikuluetan «erantzukidetasuna» eta «haurraren interesa» dira azpimarratzen direnak. Baina uste dut terminologia, epistemologia, arazo bat dagoela. Haurraren interesa goraipatzen denean, aitaren (aitarena diot artikuluetan horrela agertzen delako) eskubideekin nahasten da. Askotan, aitak edo amak eskubideak izanda ere, haurraren interesarekin talka egin dezakete, eta nahiz eta eskubide horiek guztiz justuak izan gurasoentzat, ez dira batere onuragarriak haurraren intereserako, bere oreka emozionala bermatzeko, hazkuntza eta hezkuntza garatzeko. Hain zuzen, Legebiltzarrean tramitatzen ari den lege proposamenarekin, proposatzen den lehentasunezko zaintza partekatuaren modalitatearekin, hala gertatzen da, eta azalduko ditut zergatiak (betiere adin-txikiko haurra ipar izanik), zaintza partekatuak edozein kasutarako ez duelako balio.

Zaintza partekatua edo erantzukidetasuna, gurasoak bikote zirenean eta ostean zituzten betebehar eta eskubide berdinak izaten jarrai-tzea dela diote. Baina erantzukidetasun hori nola gauzatuko dugu iparra haurraren ongi-zatea, oreka emozionala eta interesa bada?

Nolakoa izan behar da gurasoen erantzukidetasun harremana? Seme-alabenganako eskubide eta betebeharrei aipamen egiten dien heinean, elkarren arteko interakzio positibo bat duten gurasoak dira, kooperazio bat dago beraien artean, batak bestearekiko laguntza daukate, eta hau guztia seme-alaben hezkuntzan zentratuta, seme-alaben bizitzan guztiz inplikatuta dauden gurasoak dira (Ahrons, 1981).

Horren harira, Marta Ramirez Gonzalez-ek eta YarnozbYaben-ek, 2010ean egindako ikerketan ondorioztatzen duten lez, «erantzukidetasuna bermatzea edo ez baldintzatzen du gurasoak banaketara egokitzen diren moduak eta duten aurretiko jarrerak».

Zoritxarrez, bikote-gatazkak (McIntosh, 2003; Turner eta Kopiec, 2006) eta gurasoetako bat edo biak dibortziora ez egokitzeak zailtzen du, eragozten du gurasoen erantzukidetasuna gauzatzea, eta beraz, haurraren interesa ez da bermatuko. Hemen azpimarratu beharra dago «haurraren interesa» ez dela soilik haurrak zer pentsatzen duen entzutea, baizik eta gurasoek lagundu behar dietela garapen pertsonal, kognitibo, sozial eta afektiboa lortzen, seguru sentituko den ingurune bat emanez, babesten.

Beraz, bikote-gatazka dagoenean, ez dago erantzukidetasunik eta kooperazioaren eta interakzio positiboaren ordez, gurasoen arteko inkomunikazioa, liskarra eta tentsioa izango dira nagusi. Bi guraso hauen artean dagoen adin txikiko haurra da estres maila itzela jasango duena, intseguritatea, jarrera arazoak, antsietatea; karga handia duen umea da.

Erantzukidetasuna zutabe garrantzitsuetako bat da, baina zer gertatzen da erantzukidetasunik ez dagoenean? Liskarra dagoenean? Ez da bermatzen haurraren oreka emozionala, eta beraz, bere interesen kontra goaz zuzen-zuzenean.

Hori horrela izanik, epaitegietara jotzen denean seme-alaben zaintza zein izango den epaileak erabaki dezan, berez liskarra dagoela esan nahi du. Bikotea ez delako gai izan seme-alaben zaintza nolakoa izango den adosteko, hitz egiteko, komunikatzeko... Inkomunikazio testuinguru honetan ez dira betetzen zaintza partekatua bermatzeko nahikoa baldintza. Eta Legebiltzarrean tramitatzen ari den proposamenean zera esaten da: «Gurasoetako baten kontrako jarrera edo bien arteko liskarrak ez dira oztopo ezta arrazoi izango zaintza partekatua ez emateko». Larria benetan. Beraz, lege proposamen honetan eskatzen dena ez dator bat zaintza partekatuaren hasierako filosofiarekin: erantzukidetasuna, haurraren interesa.

Bukatzeko, Fariñak (2002) eta Juncok (2006) dioten lez, zaintza partekatua egoera idilikoa, ezin hobea da, baina arrakasta osoa izan dezan baldintza batzuk bete behar ditu; gurasoen gaitasun fisiko eta psikologikoa, ordutegia, gatazka baxua, gurasoen arteko kooperazioa, bikotearenganako hautemate ona izatea, hezkuntza estilo berdintsuak izatea.

Zaintza partekatua ez dugu lehentasunezko lez ulertu behar, baizik eta amatasun eta aitatasunaren ondorio desiragarri bat lez, interes ekonomiko edo beste interes batzuetatik urrun dagoena. Kasu bakoitza bakarra da eta banan-banan aztertu beharra dago.

Uste da lehentasunezko zaintza partekatua idilikoa dela, baina Europa zein Ameriketako Estatu Batuetan egin diren hainbat ikerketek adierazten dute ez dela horrela. Azkeneko urteotan lehentasunezko zaintza partekatua legez onartu duten Europako bost herrialdeetatik (Frantzia, Italia, Britainia Handia, Belgika eta Txekiar Errepublika) lehenengo hirurek ospe eta prestigio handiko unibertsitate eta instituzioen txostenak dituzte eta lege hauek adin-txikikoengan duten ondorio kaltegarriez ohartarazten dute.

Bibliografiara joatea baino ez dago ikerketa horiek guztiak ezagutzeko, baina bat aipatzearren, lehentasunezko zaintza partekatua legez ezarri zuen AEBetako lehen estatuan jarriko dugu arreta.

Kaliforniak 1980. urtean Lehentasunezko Zaintza Partekatuaren legea ezarri zuen. 1989an, ordea, Kaliforniako Auzitegi Gorenak lege hau degradatu egin zuen, bi arrazoi nagusitan oinarrituta: bata, zaintza partekatuak ez duela funtzionatzen gatazkatsuak diren bikote-banaketetan, eta, bestea, haurraren adina kontuan izan behar dela, sei urte arteko haurrek atxikimendu berezia behar dute-eta. Horrez gain, kontuan hartzeko eta aztertu beharreko alderdi bat aipatzen zen: «La custodia compartida, su introducción en los tribunales no estaba basada en ninguna investigación desarrollada, ni en ningún proyecto piloto a largo plazo, ni en ningún precedente histórico que indicara que este acuerdo de Custodia Compartida fuera en interés de los/as menores» ( «The Custody Wars». Mary Ann Mason. 1999).

Berriz diot, zaintza partekatua ez dugu lehentasunezko lez ulertu behar, baizik eta amatasun eta aitatasunaren ondorio desiragarri bat lez, interes ekonomiko edo beste interes batzuetatik urrun dagoena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo