HERRIRAREN AURKAKO MAKROSAREKADA
Bihar lantoki atari zein plazetara irtetera deitu dute sindikatuek
Nerea GOTI | BILBO
ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek kalera irtetera dei egin diete Euskal Herriko langileei, Herrira mugimenduaren kontrako erasoari erantzuteko, «funtsezko eskubideen» aurkako erasoa den neurrian eta herri honek bultzatu nahi duen bake prozesurako «oztopo» argia. Gehiengo sindikalaren izenean, Adolfo Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELA eta LABeko idazkari nagusiek bihar lantoki zein udaletxe atarietan, 12.00etatik aurrera ordu erdiko bilkurak egitera deitu zuten, eta beste eragileekin batera larunbaterako Bilbon (17.30) deitu duten manifestazioan parte hartzera.
Gehiengo sindikalaren iritziz, Madrilgo Gobernuak bultzatutako operazioaren helburu nagusia euskal preso politikoen eskubideen aldeko borroka kriminalizatzea da, herri mugimendua ahultzea eta jendeak dinamika horretatik ihes egitea. «Presoei bizkarra ematea eta bakarrik uztea. Hori behar du Estatuak eskubideak bortxatzeko sistematikoki eta hori da beti bilatu duena eta sekula lortu ez duena», adierazi zuen Ainhoa Etxaidek.
Testuinguru horretan kokatu zuten operazioa, urtarrileko herri mobilizazio erraldoiaren atarian. «Badakigu guztiok urtarrilean berriro ere ikusiko dela Euskal Herrian gehiengo batek uste duela euskal preso politikoek eskubideak dituztela, eskubide horiek errespetatu behar direla eta eskubide horiekiko errespetua ezinbestekoa bakea lortzeko bidean», nabarmendu zuten.
Sindikatuen esanetan, Estatuak bere krisialdiei irtenbidea emateko duen «ezintasun politikoa» ere agerian utzi du Herriraren aurkako sarekadak, «itun antiterrorista» jarri duelako «konponbidea ekarri behar duten politiken lekuan».
Langileen «bide demokratikoa»
«Astelehenean ikusi genuen egoera antidemokratikoan jarraitzen dugula eta erabaki dugu bide demokratikoetatik egoera hori gainditzea. Hori da Euskal Herrian nagusitu den bidea», azaldu zuten sindikatuek, baita zera argitu ere: «Ariketa demokratiko nagusia gehiengo sozial zabala kalera ateratzea da; herria, langileak, bizitza publikoko protagonistak izatea, instituzioek ekartzen ez dituzten konponbideen eskaera egiteko protagonistak izatea».
Atxilotuak berehala aske uzteko exijitu zuten, halaber. Txiki Muñozek esan zuenez, «kezka» handia dago, Euskal Herrian badakigulako «arriskua» dagoela, «atestatu polizial bat epai judizial bihur daitekeelako erraz». Bide beretik, «bere interesen arabera edozein gauza egiteko gai» den PP eta gisako alderdiei ezin zaiela inolako sostengurik eman adierazi zuen, «ez sindikala, ez soziala, ezta politikoa ere».
CCOO-Euskadi sindikatuko kideek larunbateko manifestaziora joango direla iragarri zuten ohar batean. Dena den, ez zioten sostengurik adierazi deialdiaren puntu batekin ados ez zeudelako. Halere, Herrirarekin harremanak izan dituztela eta sarekada normalizazioaren aurka doala nabarmendu zuen sindikatu honek.
Gobernu espainolak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albak gehiengo sindikalak Iruñean, Tuteran eta Altsasun deitu dituen elkarretaratzeak debekatu ditu. Deialdia egin duten sindikatuek onartezintzat jo zuten Albaren debekua