GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bi urte barru Barcinak Nafarroako Gobernuaren buru segitzea deitoratzen jarraituko ote dute?

Gaur Erkidegoaren Egoerari buruzko Eztabaida izango da Nafarroako Parlamentuan. Gaizki hasi eta okerrera doan legegintzaldiak bi urte pasa bete ditu, eta gezurra ematen badu ere, Nafarroako Gobernuaren buruan Yolanda Barcinak segitzen du. Parlamentuko gehiengoaren gogoz kontra -edo hala esaten dute oposizioko taldeek-, baina hantxe segitzen du, Gobernu horren agonia luzatzeko helburu bakarra duela, ustelkeria kasuen eta nafar gehienak kolpatu dituen krisiaren kudeaketa negargarriaren artean. Bere jarduera politikoa Madrilgo legeak ezarri eta Nafarroako Parlamentuak onartutakoak, haiekin bat ez badatoz, atzera botatzera mugaturik. Gaurko bilkuran, ia oposizioko talde guztiek hauteskundeak aurreratzeko proposamen bana aurkeztuko dute. Bost proposamen zorigaiztoko legegintzaldi hau behingoz bukatzeko. Horiek horrela, gutxienik, talde horien artean adostutako erabakiren bat espero izatekoa da. Gutxienik. Ala, bestela, ia bi urte barru, legegintzaldi deitoragarri hau agortzear denean, Parlamentuko indarrek jarraituko ote dute esaten, gezurra ematen badu ere, Barcinak Gobernuaren buru segitzen duela?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo