Klima aldaketaren erakusleiho erraldoia bihurtuko da Baiona
Aldaketa klimatikoaren nondik norakoak sakonki azaleratuko dira asteburu honetan Baionan, Bizi! mugimenduaren eskutik. Larunbatean adituen foroa izango da, igandeko Alternatiba herrixkaren atariko. Esparru askotariko pertsona ezagunek dei egin dute bertan parte hartzera.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Datorren asteburuan klima aldaketaren ondorio larriek itzulbidea badutela frogatzeko agertoki erraldoia bilakatuko da Baiona. Iaz egindako Alternatiba herrixkaren eskarmentu positiboaren harira, Bizi! mugimenduak egitarau arras oparoa prestatu du arazo honen inguruan ahalik eta jende gehien informatu eta sentsibilizatzeko.
Ez hori bakarrik, egoera aldatzeko bakoitzak bere ekarpena egin dezakeela agerian uztea ere badu xede 2009an Kopenhageko gailurraren itzalpean sortutako euskal talde ekologistak.
Antolaketaren buru dabilen Txetx Etxeberrik «gure belaunaldiak klima aldaketan duen berebiziko ardura» gogoratuta, jardunaldi horren bidez «alimaleko borroka erabakigarri honetan, Euskal Herriak bere ekarpentxoa egiteko» parada izango duela nabarmendu du.
Egun nagusia igandean izango den arren, bezperatik helduko diote lanari. Baionako fakultateko anfiteatroan goizeko hamarretatik goiti izango den foroan, hainbat gai izango dituzte hizpide. Aditu ezagunak erronka klimatikoaz arituko dira. Esaterako, CNRSko klimatologo Christophe Cassouk gobernu arteko aditu taldeak berriki argitara emandako 5. txostena aurkeztuko du. Hain zuzen ere, txosten horren garrantzia eta hedapena herri-mobilizazio jendetsuaren bidez azpimarratzea ere bilatzen du Bizik.
Gure lurraldera gerturatuz, klima aldaketak Akitanian eta Euskal Herriko nekazaritzan eta basoetan duen eragina azalduko dute. Arratsaldean, berriz, egiazko aterabideei eusteko mundu mailako elkartasunaren ezinbestekotasuna jarriko dute mahai gainean. Foroan parte hartzea urririk da.
Alternatiba herrixka
Talde ekologista eta altermundialistak Baiona Ttipiko inguruak baliatuko ditu Alternatiba herrixka kokatzeko. Izan Euskal Herrikoak edo kanpokoak, orotara hirurogei bat talde, kolektibo, elkarte eta erakundek dagoeneko beren parte-hartzea ziurtatu dute.
Hala, tailer, mintzaldi eta lekukotasun ugari izango dira egun osoan. Fakultateko anfiteatroek jasoko dituzte bost mahai-inguru nagusiak. Gaien arabera, hizlari andanaren azalpenak entzun ahal izango dira, besteren artean, Genevieve Azam ATTACeko bozeramaile eta ekonomialaria, Jade Lindgaard (Mediapart), Paul Nicholson Via Campesinako sortzailea, Mixel Berhokoirigoin EHLGko presidentea, Iñaki Antiguedad geologoa, Amaia Muñoa (ELA) eta Pello Zubiria (Argia). Bertako beste aretoetan ere beste hemeretzi hitzaldi izango dira.
Fakultatetik kanpo, berriz, 35 tailer praktiko, erakustaldi, ikastaro, film emanaldi edota aurkezpen antolatu dituzte gai askotarikoen inguruan, hala nola barazkien sukaldaritza, eraikuntza eta material ekologikoak, energia berriztagarriak, haurren edoskitzea, hondakinen bereizketa, elikagai subiranotasuna eta abar, eta abar.
Animazioak eta omenaldia
Hori guztia, jakina, animazioez tartekatuta (mutxikoak, dantzaldiak, kantak, kontzertuak...). Ekimen guztiak hiru eremutan -Etxegintza ekologikoa, Haurren txokoa ingurumenari buruz hezteko eta Elkartasun eta partaidetza- banatutako hamabost guneetan burutuko dira 10.00etatik 17.00etara.
Ordu horretan, Paul Bert plazan aurten zendutako Stephan Hessel filosofoa, Alternatiba herrixkaren aitapontea izan behar zuena, omenduko dute. Bere alarguntsak eta beste hogeita hiru pertsona ezagunek ekimen hauetan guztietan parte hartzera dei egin dute agiri baten bidez.
Bizi! mugimenduak ehunka boluntarioren laguntza izango du Baiona Ttipiko inguruetan kokatuko diren hamabost guneetan, ia 80 ekimen aurrera eramateko. 100 hizlari eta 150 elkarte ere bilduko ditu ekimenak.
Estatu frantseseko eta Euskal Herriko 24 pertsona ezagunek dei egin dute Baionara. Horien artean, Michel Rocard lehen ministro ohia, Christiane Hessel joan den martxoan zendutako filosofo ezagunaren alarguntsa.