GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Beldur izugarria diote herriak erabakitzeari»

p018_f01.jpg

Fernando Pindado
Partaidetza zuzenean aditua

Bihar eta etzi Donostiako Udalak sustatuta Miramar jauregian eginen diren partaidetza zuzenari buruzko jardunaldietan hizlari izanen da kataluniar profesionala. Galdera bat planteatuko dute ekimen honetan, eztabaida bat: beharrezkoa da herri-partaidetza zuzena udal esparruan? Eta denen artean joanen dira erantzunak eraikitzen: han izanen dira herritarrak eta askotariko eragileak.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Herrialde Katalanetako adituak kontatu digu gizarteko hainbat rol ukitu dituela bere bizitzan: bizilagunen elkarte bateko presidente izan da, auzo elkarteen langile, partaidetzako zuzendari tekniko Bartzelonako barruti batean, partaidetzaren zuzendariondokoa Generalitatean... Adar akademikoa landu du, arautegiak egiten lagundu du, hitzaldiak ematen ditu... Eginkizun ugari tartekatzeak begirada berezia eman dio, eta hainbat ekintza ahalbidetu, ikerketa bat egitetik arau bat idaztera; gero Legebiltzarrean eztabaidatu eta onartu zen Kataluniako herri ekimen legegileari buruzko legea.

Fernando Pindadok azaldu duenez, 1979tik gaur arte Estatu espainolean edozein instituzioren esparru politikoa 1978ko Konstituzioa da. «Hemen, balio duena ordezkarien aukeraketa da. Gero, ez bazaizkizu gustatzen, aterako dituzu lau urtera». Adituaren ustez, eskema zaharkitua da hori; ez du balio XXI. mendean demokrazian aurrera egin nahi duen edozein herrialdetan. Ordezkari politikoak, aukeratua izan arren, gauzak aldatu behar ditu egoera aldatzen delako, eta ezin duzu beti hauteskundeetan agindutakoa eginen duela pentsatu. Bere aburuz, ordezkaritza horrek bertze dimentsio batzuk behar ditu, eta horiek ez dira osagarriak, garrantzi berekoak baizik.

Dimentsio bat demokrazia zuzena da. Honek ordezkariak noizean behin herriari bere proposamenaz galdetzea ahalbidetzen du. «Hori herrialde anitzetan egiten da; Suitzan, adibidez, eta ez da mundua hondoratzen! Estatu espainiarrean, 40 urtetan, hiru kontsulta egin dira. Beldur izugarria zaio erreferendumari, herriak erabakitzeari».

Eta hirugarren dimentsioa, aitzinekoak bezain inportantea baina jardunaldi hauetan gutxiago landuko dena, dialogikoa da, jendeak, bere interesetatik, argumentuak partekatu eta kontrastatzea sustatzen duena. «Demagun Donostiako Mugikortasun Plana: taxistek interes batzuk dituzte, korrika ibiltzen direnek beste batzuk, autobus gidariek ere bai, oinezkoek... Nola kontrastatu daitezke interes ezberdin horiek mugikortasun plan bat proposatzeko? Gero, ingeniariak diseinatuko du, baina jendearen jakintza hori garrantzitsua da. Dimentsio dialogiko hau ezarria dago, adibidez, Frantzian, eta Eztabaida Publikoaren Batzorde Nazionala dute, eztabaida hori egiten dela ziurtatzeko».

Adituak adierazi duenez, dimentsio dialogiko honetan, sektore zehatzek hartzen dute parte eta erabakia ez da loteslea; ekarpen bat da, orientazio bat. Aldiz, dimentsio zuzenean, kontsulta batean botoa ematean, nahiz eta hemen ere legez erabakia loteslea ez izan, etikoki eta politikoki itsusia da ez jaramonik egitea. «Bartzelonan herri kontsulta bat egin genuen Diagonala, hiriaren etorbide garrantzitsu bat, nola aldatu behar zen galdetzeko, eta emaitza ez zen soilik loteslea izan, sustatu zuen zinegotziak dimititu egin zuen».

Ohartarazi duenez, sistema ordezkatzaileak akats anitz ditu, ordezkariek politikaren jarduera monopolizatu dutenez, ez dutelako azaltzen zer egiten duten, ez dute konturik ematen ere. «Horrela gaude, batzuek gaizki egiten dutena sistema politiko osoa ari da ordaintzen!».

Kanalak zabaldu

Alde ordezkatzailea hobetu egin behar dela deritzo: hauteskunde legea, kontuak ematea, gardentasuna... «Baina horretaz gain ez baditugu eztabaidarako kanalak zabaltzen eta zuzenean erabakitzeko momentuak sortzen, hankamotz segituko dugu. Adibidez, zergatik ezin dugu Ipar Amerikako estatu batzuetan bezala herri ekimenez zentsura mozioa aurkeztu? Kalifornian, sinadura kopuru batekin estatuko gobernadoreak karguan jarraituko duen ala ez erabaki daiteke erreferendumean. Zergatik ezin diet aukeratu ditudan ordezkariei, esperotakoa betetzen ari ez badira, etxera joan daitezela esan?».

Bere iritziz, hiru dimentsioen arteko interakzioak indartzen du demokrazia. «Norbaitek esango du segurtasun falta juridikoa ekartzen duela; bada, Suitzan hiru hilabetero bozkatzen dute eta ez dago segurtasun falta juridikorik. 1845etik martxan dagoen sistema bat da, eta ondorioz, alderdi politikoek ez dute lege bat onartzen akordio handirik lortu ezean, bestela badakite gero herria etorriko dela gelditzera. 7 milioi biztanleen artean (Kataluniaren antzera) 100.000 sinadurak Konstituzioa erabat aldatzea proposatu dezakete, eta gero erreferendumean erabaki daiteke gauzatu ala ez. Hemen, ordea, sinadurak jaso, eta gero... ikusiko dugu!».

Fernando Pindadok erreferendumari buruzko 78ko Parlamentuko eztabaida baten zatiak jaso ditu bere blogean (fpindado.wordpress.com). «Harrigarria da, urtarrileko Konstituzioaren aurreneko testuan erreferendum loteslea baitzegoen eta gero aldatu egin baitzuten diputatu baten proposamenez. Bitxia da diputatu hau talde komunistakoa izan zela eta erreferenduma defendatu zuena, Manuel Fraga Iribarne».

Pindadok nabarmendu duenez, Donostiako jardunaldi hauek onuragarriak izanen dira ez hirirako bakarrik, hemendik kanpo ere bai. Izan ere, «badakigu gaurko sistemak ez duela funtzionatzen, horretan ados gaude» eta «gosea, beharra» dago argumentuak eta elementuak bilatzeko. Arrisku batek kezkatzen du: zailtasunen aurrean, sistema ez demokratikoetara joateak. Jarrera autoritario, faxista eta antidemokratikoen hazkundeak Europan. Hau «azkenen eta azken-aurrekoen arteko gerra» bilakatzeak. «Tristea da ikuspuntu humanotik, ezin onartuzkoa. Beraz, behartuta gaude honi bueltak ematera», dio seguru.

 

jardunaldiak

Bihar, 16.30ean, hasiko dira jardunaldiak Miramar jauregian, Donostiako alkatearen hitzaldiarekin. Gonbidatu ugari bilduko dira bihar eta etzi egun osoan: Iñigo Lamarca, Martin Bühler Suitzako aditua, Rafaela Romero...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo