GARA > Idatzia > Kultura

Hamar urte beteta, sareak indartu eta literatur zale gehiago elkartu nahi ditu Literatura Eskolak

Literatura Eskolak hausnarketa berri bat egin du 10. urteurrenean. Literaturaren inguruan lan egiten duten elkarteen parte-hartze aktiboagoa bultzatu eta sarea sortu nahi dute, jende gehiagorengana iristeko.

p049_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Larrabetzun sortu zen Literatura Eskola 2003. urtean. Lehenengo hiru urteak bertan egin ondoren, Euskal Herrira salto egiteko ordua zela pentsatu zuten, «txoko batean geratzen ari zela», atzo Gotzon Barandiaranek, Literatura Eskolaren bultzatzaileetako batek adierazi moduan. Hamar urte beteta, beste pauso bat emateko beharra ikusi dute orain, eta horretarako, antolaketa berritu dute, literatura lantzen duten beste talde batzuekin elkarlana bultzatuz.

Donostian atzo egindako aurkezpenean, Barandiaranekin batera, Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) Iratxe Etxebestek, Sareinak eta Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Literatura Saileko Iratxe Retolazak eta Euskal Herriko Antzerki Zaleen Elkarteko (EHAZE) Eñaut Gantxegik ere hartu zuten parte. Elkarte horiez gain, Elearazi, 111 Akademia, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea taldeengana ere jo du Literatura Eskolak, sarea hedatu asmoz.

«Lehendik ere elkarlanean ari ginen baina parte-hartze aktiboagoa bultzatu nahi dugu, gure baliabideak ere horretara bideratu. Errotuta dagoena indartu eta jende gehiagorengana iritsi», esan zuen Iratxe Retolazak.

Hamar urte pasa diren arren, oraindik ere Literatura Eskola zer den esplikatzeko beharra sentitzen dute antolatzaileek. «Ez da idazten ikasteko toki bat, ez ditugu ariketak egiten», argitu zuen Barandiaranek, nahiz eta bertan partekatutakoak gero idazterako garaian lagungarri direla aitortu. «Guk bagenuen kezka bide estandarretatik, hezkuntza araututik jasotzen genuen literaturarekin ez geundela konforme. Geure burua elikatzen hastea erabaki genuen», esan zuen. «Guk gaiak eta hizlariak proposatzen ditugu, baina parte-hartzea du oinarri, batere elitismorik gabe».

Parte hartzen dutenentzat irakurtzen ikasteko «galbahe» bat izatea lortu dutela azpimarratu zuen, baita «aterpe» bat ere. «Literatura sozializatzerako orduan behar duzu talde bat, babes bat, eta Literatura Eskola bada abaro bat».

Aurrera begira, erronka berriak ere finkatu dituzte. Gazteengana iristea izango da horietako bat, eta komunikazio esparruan, Literatura Eskolan egiten dena zabaltzea beste bat.

Ohi bezala, ikasturte honetan ere, larunbatez elkartuko dira hilean behin, lau orduz literatura elkar trukatzeko. Larrabetzun hasiko dira urriaren 19an eta zortzi saio izango dira guztira.

Urte osoko matrikula 20 eurokoa izango da soldatadunentzat eta 10ekoa soldatarik gabekoentzat. Saio bakarrera joan nahi izanez gero, bakoitzeko 5 euro ordaindu beharko dute soldatadunek eta 3 euro soldatarik gabekoek. Matrikuletatik biltzen den dirua hizlariei ordaindu eta azpiegitura gastuak kitatzeko erabiliko dela argitu nahi izan zuten antolatzaileek. Izena emateko, www.literaturaeskola.org helbidean daude xehetasun guztiak.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo