GARA > Idatzia > Kultura

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

«Qué pueblo más alegre»

Nabariak dira udazkenaren zantzuak; hostoak erortzen hasi dira, korrikalariz bete dira errepide bazterrak, entzutegi nazionalak sarekada burutu du, eta, batez ere, euskal musikari «inportanteak» diskoak argitaratzen hasi dira. Berrikuntzarik ez, ohikoa baino.

Udazkena da bai, eta udazkenero bezala, musikaz betetzen hasi da gure herria. Sanjoanak ondoren lozorroan sartzen den gure herri koxkorra. Behin iraila aurreratu ahala, musika jabetzen hasi da, berriro, bi kale, hiru plaza, eta parke urbano batek osatutako kaxko txikiaz.

Ez da garrantzitsua, ez du inoren arretarik ekartzen berriak, Nekane, Mikel, Aitor, Arturo, Saioa... berriz, pozik dabiltza, dultzaina, alboka, trikiti, tronpeta, gitarra, ahotsak... astinduz, eta egia diotsuet, bihotza poztu egiten zaigu besteoi. Plazer handia hartzen dugu kalean ustekabean edo nahita topatzen ditugunok.

Hamarnaka musikari anonimok, ia astebururo, posible egiten duten mirari txikia da, entzute handirik gabeko mirari musikala, eta horregatik dakarkit txoko honetara, beste inongo komunikabidek arretarik jarri gabe ere, gure herriko gertakizun honek, udazkeneko kaleko musika loratze honek, gogorarazten digulako, gogoak eta aukerak, bi osagarri apal horiek aski direla musika festa antolatzeko. Izen handiko musikaririk gabe, azpiegitura erraldoirik gabe, oholtzarik gabe...

Nolakoa da Hernani galdetu omen zioten behin gure ezagun baten amari, sei hilabete bertan eman eta Jaeneko bere herrira itzuli zenean: «qué pueblo más alegre», erantzun omen zuen berak. Musikaren mirari apal eta gozagarriak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo