GARA > Idatzia > Euskal Herria

Beste pauso bat Trebiñu Arabara batzeko

Gasteizko Legebiltzarrak baiezkoa eman zion atzo, EAJ, EH Bildu eta PSEko ordezkariek Estatuko Gorte Nagusietan lege-ekimena aurkezteko egin zuten eskariari. Ekimen horrek lurralde mugak aldatzea du helburu, Trebiñu eta Argantzun Arabara batu ahal izateko.

p017_f02.jpg

Ion SALGADO | GASTEIZ

Trebiñu Konderriak Araban politikoki sartzeko beste aurrerapauso bat eman zuen atzo. Hain zuzen Gasteizko Legebiltzarrak EAJ, EH Bildu eta PSEk egindako eskaria onartu du, eta Estatuko Gorte Nagusietan lege organiko berri bat onartzea eskatuko dute. Trebiñuko eta Argantzuneko udalbatzek martxoaren 8an onartu zuten egitasmoak lurralde-mugak aldatzea du helburu, udalerriak Burgosetik banandu eta Arabara batu ahal izateko.

Hiru alderdiek bultzatutako lege-ekimenak hau dio: «Trebiñu eta Argantzun, gaur egun Burgoseko probintziaren parte direnak, Arabako probintziari batuta geratzen dira». Halaber, Ganberak Kongresuari proposatutako Lege Organikoaren eraginpeko diputazioek hurrengo hauteskunde lokalak egin arte beren osaerari eutsiko diotela nabarmentzen dute testuaren xedapen iragankorrek.

«Orduan hartuko dute beren osaera eta funtzionamendua orain onartutako probintzien-mugen aldaketari egokitzeko behar diren neurriak», adierazten du lege-ekimenak. PP eta UPyDko legebiltzarkideak atzoko bilkuran izandako eztabaidan lege-ekimenaren bidea kritikatu eta abstenitu egin ziren.

Xabier Agirrek (EAJ), Belen Arrondok (EH Bildu) eta Txarli Prietok (PSE) abian jarritako bidea -datorren asteetan dagokion batzordean eztabaidatuko dena- defendatu zuten atzo Legebiltzarrean, eta Trebiñuko biztanleek Arabako parte izan nahi dutela gogorarazi zuten. Carmelo Barriok (PP) eta Gorka Maneirok (UPyD) beste bide batzuk proposatu zituzten Trebiñu Arabara batzeko: PPko Gobernuak esku artean duen tokiko administrazioen erreforma erabiltzea edo Gaztela eta Leongo estatutuaren aldaketa martxan jartzea.

Ignacio Portilla eta Roberto Ortiz alkateek PPren jarrera kritikatu eta Trebiñu Araban sartzeko prozedura aurrera doala adierazi zuten. «Ez dago atzera bueltarik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo