GARA > Idatzia > Kultura

«Euli-giro», ezinegonari buruzko bederatzi kontakizun labur

Uxue Alberdiren hirugarren liburua da honakoa. Aurretik ipuin bilduma eta nobela eginak ditu, eta oraingoan kontakizun laburrei heldu die, beste behin ezinegona, giro lanbrotuak sortzen duen anabasa, paperera ekartzeko. Istorioek ez dute elkarren artean loturarik.

p047_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Uxue Alberdik hirugarren liburua kaleratu du Susa argitaletxearekin. Bere esanetan, «Euli-giro» inolako denbora mugarik gabe idatzi duen lehen liburua da eta horrek askatasuna eman dio agertzen diren pertsonaiak lantzeko. Hasiera batean, lau ipuin idatzi zituen eta Gorka Arrese editoreari bidali. Honek oniritzia eman ostean, beste bostak idazten hasi zen, presarik gabe, lana amaitutzat eman zuen arte.

Lehen liburua, «Aulki bat elurretan», ipuin bilduma bat zen eta bigarrena, «Aulki-jokoa», berriz, nobela. Oraingoan ere kontakizun laburrei heldu die, baina euren artean inolako loturarik ez dutela ezaugarri izanda. «Oso desberdinak dira euren artean. Nire intentzioa ez zen euli-giroa sortzea, baina azkenean denek komunean zutena ezinegon hori zen. Banaka egin nituen, batzuen egoera jasangarriagoa da, beste batzuena harrigarriagoa», azaldu zuen idazleak.

Izan ere, liburu honetan aurkituko duguna lanbroz inguratutako istorioak dira, ezinegona transmititzen duten sentsazioek jositakoak. «Anabasa jasotzen dut paperean. Pertsonaiak nahastuta daude behe laino horrekin, baina hala ere erabakiak hartzen dituzte etengabe. Batzuek `euli' horiek hiltzen dituzte, beste batzuek uxatu egiten dituzte eta besteek etsi egiten dute, baina beti dago itxaropen bat», aipatu zuen Alberdik «euliez» hitz egiten duenean eguneroko arazoei erreferentzia eginez.

Honen esanetan, pertsonaia guztiak oso ondo ezagutzen ditu, bere lehenengo liburuko pertsonai anitzak baino hobeto. Horregatik badaki zein puntutan dauden pertsona bezala eta sentsazio horiek nolabait agerian jartzen ditu, batzuetan esanez eta beste batzuetan iradokiz.

Gure euliak

Gorka Arresek esan bezala, ipuin hauetako errealitatea «ez da arrunta, ezustean harrapatuko gaitu», baina hala ere, kontuan izan behar dugu norberaren arazoak norberaren prismatik ikustea garrantzitsua dela horiek ulertzeko. Idazleak azaldu zuenez, «nire `euliak' ez dira zuretzat ezer izango; nik `euli' horiek kontuan hartzea asko esaten du nitaz». Honela bakoitzaren izaera ezagutu ahal izango dugu.

Aurkezpenaren amaieran Pello Ramirez musikariak Bach-en pieza bat jo zuen, liburua honela amaitzen baita: Sara txelo jotzailea Kursaaleko bere lekuan eserita dago Bach-en pieza bat entzuten.

MUNDU OSOKOA

Kuba, Mexiko edo Katalunia bezalako herrialdeetako kantu inprobisatua ere aztertzeko parada izango da, Bertsolaritza Txapelketa Nagusia aitzaki hartuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo