GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Biarritzek ezin du etxean beste behin ere galdu

Gaur irabazi ezean, lehendik duen egoera txarra are gehiago okertuko da.

p045_f02.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek garrantzi handiko norgehiagoka jokatuko du gaur 20.45ean Agilera estadioan Perpinyaren aurka. Zuri-gorriak sailkapeneko azkeneko postuan daude, eta berandu baino lehen erreakzionatu beharra daukate. Gaur irabazten ez badute, gauzak oso beltz jarriko dira.

Lapurtarren denboraldi hasiera hau negargarria izan da. Jokatutako zortzi partidetatik bakarra irabazi eta zazpi galdu dituzte. Zazpi punturekin daude azkeneko postuan, eta salbazioa bederatzi puntura dute. Egia da errugbian garaipena lortuz gero, lau puntu direla, eta erasokoa lortuta, bost izaten direla, baina horretarako ahalik eta azkarren hasi beharra daukate garaipenak lortzen, bestela aurrekoek ihes egingo diete, eta orduan arazoak izango dituzte.

Biarritzek ez du zorte handirik izan denboraldi hasiera honetan, ikaragarrizko lesio pila izan baititu, baina talde handia dauka, jokalari oso onez osatuta, eta lesioak bakarrikk ezin dira aitzakiatzat hartu.

Kataluniarren denboraldi hasiera ez da txarra izan, sailkapenaren erdialdean baitaude. Horientzat ere gaur lau puntuak lortzea garrantzitsua izango litzateke, lehen postuetara gerturatuko liratekeelako. Olympiquentzat, berriz, berdin da zein duen aurrean, garaipenak behar dituelako. Zaleak ere oso urduri daude, ez baitaude bizi duten egoera honetara ohituta. Atzera urte asko egin beharko litzateke Biarritz azkeneko postuan aurkitu eta dagoen bezala ikusteko. Horrek ezinegon handia sortu du, eta emaitzak berehala iristen ez baldin badira, neurriak ere etor daitezke Agilerara.

Gaur Biarritzek Perpinyaren aurka hamabosteko hau aurkeztuko du: Menini, Genevois, Gomez Kodela, E.Lund, Lockley, Guyot, Molcard, Fono, Yachvili, Waenga, Pietersen, Traille, Burotu, Ngwenya eta Couet Lannes. Azken orduko aldaketarik ez baldin bada, eta aukera baten zain, honako hauek geratuko dira aulkian, entrenatzaileen ondoan: Ruffenach, Synaeghel, Marie, Furno, Lesgourgues, Peyrelomngue eta Baby.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo