GARA > Idatzia > Kultura

Kantu inprobisatuaren inguruko ikerketa bat jarri du martxan Mintzola Fundazioak

GARA | DONOSTIA

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren olatuaz baliatuz, kantu inprobisatuaren gaineko ikerketa bat egiten ari da Mintzola Fundazioa. Horretarako, hiru ekimen aurkeztu zituzten atzo Nora Urbizu eta Karlos Aizpurua Mintzola Fundazioko kideek.

Abiapuntua ikerlari zein adituek Txapelketa Nagusiari buruz eginiko analisiak izango dira. Hamalau adituk idatzitako ondorioak Bertso Txapelketa Nagusiaren webgunean (www.bertsozale.com) eta Bertsolaritzaren Liburutegi Digitalean argitaratuko dira.

Hala, lehendabiziko saioaren ondoren, Arkaitz Goikoetxea filologoak aniztasunaren inguruko testua argitaratu zuen. Honakoa jada irakurtzeko prest dago. Honen atzetik gainerako adituek bestelako gaiak jorratuko dituzte: Jone Miren Hernandez (emakumeak); Xabier Paia (ahozkotasun maila); Xabier Sukia (kanporaketarako bertsogintzaren azterketa); Olatz Mitxelena (abertzaletasuna); Teresa del Valle (bertsolaritzan gertatzen ari dena); Jexux Larrañaga (BEC); Andoni Egaña (2013ko txapelketa); Pio Perez (emozioak); Pere Bescos (alderdi kultural, komunikatibo eta sortzaileak); Anais Falco (Katalunia eta Euskal Herriaren arteko aldeak); Manex Agirrezabal (datuen azterketa); eta Joxerra Garzia (finala).

Azkena, BECen

Ikerketaren beste zati nagusia munduko kantu inprobisatuaren inguruko jardunaldiak izango dira. Horiek urriaren 9 eta abenduaren 15 artean ospatuko dira Villabonako Subijana Etxean, eta hitzaldiak eta mahai inguruak izango dira nagusi.

Azken emanaldia BEC-en izango da, finalaren egunean. Terraza batean bilduko dira jardunaldietan parte hartu duten ikerlari eta inprobisatzaileak. Horixe izango da ikerketaren hirugarren eta azken pausoa. Bertan ateratako ondorioak partekatu ahal izango dituzte bertsozaleek.

MUNDU OSOKOA

Kuba, Mexiko edo Katalunia bezalako herrialdeetako kantu inprobisatua ere aztertzeko parada izango da, Bertsolaritza Txapelketa Nagusia aitzaki hartuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo