GARA > Idatzia > Kultura

MIREN NARBAIZA ETA ANDER MUJIKA | NAPOKA IRIA

«Lasaitasunez, barrutik egindako diskoa da, ez dugu ezer demostratu beharrik»

Pare bat urte pasa dira Maltzagako bikoteak «Lehertarazi edifizioak» (Bonberenea ekintzak) zuzeneko lana kaleratu zuenetik. 2005az geroztik osatzen dute Napoka Iria Narbaizak (gitarra akustikoa eta ahotsa) eta Mujikak (gitarra elektrikoa, lap steel, fagota eta koroak) eta, aurretik beste bi EP badituzte ere, atzo kaleratu zuten euren estudioko lehenengo disko luzea, «Arnasten ikasteko berriz», Tolosako zigiluarekin hau ere.

p050_f03.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Urte oso bateko lana biltzen du «Arnasten ikasteko berriz» diskoak. Miren Narbaizak eta Ander Mujikak orduak eta orduak pasa dituzte lokalean, errepidean eta Sarako Iñigo Irazokiren estudioan. Han grabatu dituzte zortzi kantuak, ekoizpenean Borrokan taldeko Ibai Gogortzaren laguntzarekin.

Disko soila da, «minimalista», beharrezko konponketa edo ukitu bakoitza bere lekuan duena. Kolaboratzaile ere izan dituzte: Felix Buff (Willis Drummond, Tin Trails, Napoka Band....) perkusioan, Iban Urizar (Cafe Teatro, Andrakan, Bizarra) tronpeta eta harmoniumarekin eta Gogortzak gitarra eta kontrabaxua ere sartu ditu. Ez du, hala ere, Napoka Iriaren bikote esentzia galdu. Talde esperientzia lehenagotik ere izan zuten, Napoka Band, baina hau beste kontu bat da. «Argi dugu bi gauzak gustatzen zaizkigula. Jende askok galdetu izan digu, ea banda moduan geldituko garen. Baina guri asko gustatzen zaigu guk biok bakarrik sortzen duguna», esan du Narbaizak.

Diskoarekin batera, «Nik ere» kantuaren bideoklipa ere aurkeztu zuten atzo, David Zabalak zuzendu duena, eta diskoa Napokairia.bandcamp.com atarian jarri dute entzungai.

Hasiera batean, lehenengo bost zuzenekoetan, Urizar eta Buff izango dituzte lagun, eta bikote formatuan jarraituko dute ondoren. Urriaren 11n Donostiako Lugaritz kultur etxean izango dira; 25ean, Tolosako Bonberenean; azaroaren 10ean, Markinako Uhagonen; 15ean, Gasteizko Jimmy Jazzen; eta 17an, Berako Katakun.

Sare sozialetan esan dituzuenen arabera, ordu asko sartu dituzue estudioan. Lokalean baino estudioan ondutako diskoa al da?

Miren Narbaiza: Denetik pixka bat. Lokalean ordu dezente sartu ditugu. Gero estudioan sartu eta han ere, ustez bukatuta geneukan lanari buelta dezente eman dizkiogu.

Ander Mujika: Uste genuena baino askoz denbora gehiago eskaini diogu estudioan.

M.N.: Pentsatzen genuen astebetean egingo genuela eta azkenean bi aste pasa ditugu, beste egun batzuetan ere joan izan gara... Sorpresa izan da, hara heldu eta kantuak forma hartzen joan dira, desegituratzen ere bai.

Ekoizlearen figurak garrantzia izan du, beraz?

M.N.: Batez ere, guk eskatuta gainera, Ibai Gogortza, Borrokan taldeko musikaria egon da. Bera izan da gauza pila bat birplanteatu dizkiguna. Berari esker lortu dugu transformazio bat guztiarena, eta diskoak ere asko irabazi du horri esker. Musikalki ere oso handia da bera, eta gainera ikuspuntu askotan bat gatoz berarekin, ikusi dugu funtzionatu egin duela berak proposatutako ia denak. Oso sorpresa ona izan da eta asko ikasi dugu.

A.M.: Bera izan da gauzak argi ikusten zituena, baita lan asko eskatu eta exijitu diguna geure buruari ere, gauzei buelta gehiago ematea.

Zuen gitarrez gain, moldaketa eta kolaborazio ugari daude. Badago perkusioa, tronpeta... Aurrez pentsatuta zeuden edo estudioan etorri dira?

A.M.: Ideia batzuk bagenituen aurretik, baina asko estudioan bertan sortu dira. Kantuak eskatzen zutenaren arabera joan gara gehitzen.

Aurretik bazenuten Napoka Band-en esperientzia. Zertan da hori?

A.M.: Denbora baterako kontua izan zen. Momentuan gogoa geneukan talde formatua probatzeko. Ez dakigu bueltatuko den edo ez. Gogoak eskatuta egin genuen eta bertatik pila bat ikasi genuen. Gero lagundu digu.

M.N.: Oso ondo pasa genuen eta ez dakigu aurrerago elkartuko garen. Argi duguna da bi gauzak gustatzen zaizkigula. Jende askok galdetu izan digu, horra pasata ea hor geldituko garen, banda moduan. Baina guri asko gustatzen zaigu gu bion artean sortzen duguna, gu biok bakarrik sortzen duguna.

Kantuei dagokienez, aldaketa bat nabari da Mirenen ahotsean. Aurreko diskoan amorru handiagoa, oihu gehiago zegoen. Honetan, berriz, goxotasunera jo duzu.

M.N.: Erabat. Niretzat barrurako bidaia izan da. Kantatzeko modua oso bat-batekoa izan da beti nigan. Banuen gogoa lurrera etortzeko, sorrerara-edo bueltatzeko, nire ahotsa den modukoa entzuteko. Pausatuago, goxatuz pixka bat, lehertu gabe. Nire ahotsa berreskuratu nahi nuen, den moduan entzuteko, floriturarik gabe. Asko gustatu izan zait moldatzea, eztarritik, soinuarekin berarekin jolastea, dena egitea kantu batean, orain goxo, orain orro, gora, behera... Saiatu naiz orrazten pixka bat. Paradoxikoa da, baina lehen agian gehiago neurtzen nuen, demostratzera joaten nintzen. Badakit gaitasun horiek oraindik hor daudela, egin dudana izan da nire barrura bidaiatu. Ibaik horretan asko lagundu nau. Askatze bat izan da, nire lotura guztiak.

A.M.: Orain barrukoagoa da.

Kantuetan ere barrurako bidaia egin duzue?

A.M.: Bai, nire ustez, lasaitasun horrekin eginda dago. Ez dugu uste ezer demostratu behar dugunik, ez eta beharrik dagoenik ere. Dena askoz ere lasaiagoa da, askoz barrukoagoa. Denbora gehiago hartu dugu denari bueltak emateko eta emaitzan ikusten da barrutik gehiago irten zaiguna.

M.N.: Bidaia denean islatzen da azkenean, doinuak, letrak, estrukturak eurak ere bai. Badoan disko bat da, pixkanaka, pixkanaka... eta konturatzerako bukatu da. Eutsi ahala gozatzen da.

Konponketetan ere, elementu, instrumentu gehiago egonagatik, soiltasunera jo duzue.

A.M.: Hori asko neurtu dugu eta Ibairen laguntzarekin, ikusi dugu argi-argi momentu bakoitzean kantuak zer eskatzen zuen. Ahalegindu gara gutxirekin, behar duenarekin egiten kantuak. Azkenean minimalistagoa da. Doakoa ez dago ezer. Biluzten ahalegindu gara.

M.N.: Ez genuena nahi zen kristoren floritura pila egotea. Kantuetan gauza asko daude, baina oso ondo uztartuta. Eta dena batera doa.

Ander, zu ere gehiago animatu zara ahotsak egitera.

A.M.: Azkenean, uste dut beldurra galdu dugula eta dauzkagun elementu guztiak aprobetxatzen ahalegindu garela.

Musika ogibide bihurtzeko apustua egin duzue. Posible da?

A.M.: Apustu hori egin eta lokalean sartu ginen disko hau ateratzeko. Urtebete oso bat pasa dugu lanean topera disko honetan. Sortzetik apustua hori izan da. Oso pozik gaude emaitzarekin eta ikusiko dugu hemendik aurrera ea posible den, jateko ematen digun edo nola doan kontua.

Esan daiteke, beraz, dena eman diozuela disko honi.

M.N.: Den-dena. Denbora, dirua, esfortzua... Orain ikusiko dugu, kontzertuak jo nahi ditugu, diskoa mugitu... Eta bestela, berriro lanera joan beharko gara, gehienek egiten duten bezala, lan eta jo. Hemen, Euskal Herrian... Oraintxe ikusten genuen gure momentua, krisiarekin tokatu da, baina geureari eutsi diogu. Ahalegina egin nahi genuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo