GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Zaldibide estatua

Hamaika ikusteko gara gero! esan ohi zuten gure aurrekoek. Hamaika ixteko gara gero! esaten dugu oraingook. Batek daki zer hamaika zertzeko izango diren gerokoak!. Jainkoak berak baleki, sikiera!. Amen. Ama, ama!. Total, enpresa txikiak hasi ziren pertsiana jaisten. Gero ertainak ere, Arkauten hazi batzuek buruak apurtzen segitu arren. Eta enpresa handi batzuk berak ere bide beretik aritu dira hemen, urrunetik ekarritako pertsianen tiraniagatik. Merkatu librea! diote, eskola porrotaren adierazle diren horiek. Eskerrak Eusko Jaurlaritzak laguntza emango diela enpresei energia-faktura paper birziklatuan kudeatzeko!. Honezkero klima aldaketak arerio handia topatu du Lakuan. Hurrengo urratsa, Jaurlaritzak berak bere burua argitzea da. Tira, harira! Herrira!. Honen pertsiana jaitsi berri dute, beren pertsiana jaisteko ezelango asmorik ez duten beheko Estatuko epaitegi horiek jaitsi ere, nonbait probetxua ateratzen baitiote bere dietari, dietan jarrai! lelopean. Ene, ene!.

Demontre, harira buelta nadin!. Non eta han, Amerikako Estatu Batuetan!. Zer eta Gobernua bera itxi!. Handik urruneko askok lasaitu ederra hartuko lukete egunotan, eta zerura begiratu beharrean lurrera begiratu ahal izango dute aspaldiko partez, baldin eta eten behar diren ordainketen artean Pentagonoko funtzionarioen baliabideak baleude!. Bada, ez. Beste batzuk dira soldatarik gabe geratuak. Eta hau kolpea! Askatasun-estatuak bera ere pertsiana jaitsi!. Estatuak jaitsi ere, askatasuna bera pertsiana jaitsita jaio zen eta! Gatibutasunean! Estatua hark ematen du gure beheko zuzenbidearen estatuaren neurria, eskasa, izaera, transgenikoa, osasuna, minbiziduna, eta kokapena, plaza batean eta zaldi baten gainekoa. Hortaz, hemen I am basque idazten harro daudenek noizko esaldia amaitu eta consequently I decide gauzatzen hasi?. Passion for knowledge horren izenean baino ez bada, behintzat!.

Azkenean ausardia gehiago islatzen du Vatikanoko maizter berriak Ajuria Eneakoak baino. Batek mihia dantzatu, ezpainak lotu besteak. Eta hori Mediterraneoko olatuak gorpuak lehorreratzen ari diren bitartean. Gorpu batzuk lurrak hartuko bide ditu; beste batzuk urak hartu ditu honezkero. Behean beude!. Amen, edo. Eta bitartean ere, Baiona gaur Alternatiben Herria!. Patrika bete lan hausnartu eta egiteko dugun seinale.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo