GARA > Idatzia > Kultura

Dario de Regoyos inpresionista asturiarraren koloreak bilduz

Bilboko Arte Ederren Museoak Euskal Herriari buruzko koadro ederrak pintatu zituen Dario de Regoyos artistaren inguruko atzera begirako erakusketa prestatu du haren heriotzaren mendeurrena oroitzeko. 130 artelanak urtarrilaren amaierara arte izango dira ikusgai.

p040_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Dario de Regoyos pintore inpresionista asturiarrari eskainitako erakusketa prestatu du Bilboko Arte Ederren museoak bere heriotzaren mendeurrena gogora ekartzeko asmoz. Paisaiagintzan maisu izan zen Regoyos, eta horietako sorta aparta biltzen dira erakusketan. Guztira 130 lan daude ikusgai atzotik urtarrilaren 26ra bitartean. Ondoren Madrileko eta Malagako bi museotara eramango dute bilduma.

Regoyosek Euskal Herriarekin lotura handia izan zuen 1884tik 1912ra hemen ibili baitzen pintatzen, eta mende aldaketarekin euskal pinturaren modernizazioaren erreferente nagusietako bat izan zen. Ordurako paisaiagintzan lehen pausoak eman zituen Belgika aldean. Estatu espainolean ere alde batetik bestera ibili izan zen eta 1888an Verhaeren poetarekin batera egindako bidaia baten ondorioz «La España negra» liburua eta pintura sorta egin zituen.

Hala ere, bere lanik garrantzitsuena «Noche de difuntos» izeneko lana da, hiru koadrotan zatitutakoa. Bertan Donostiako Polloe hilerria ageri da eta hilobiak zaintzen dauden emakume ugari daude. «Victimas de la fiesta», berriz, zezenketetan hildako zaldien irudiak erakusten digun koadro makabro bat da.

Hurrengo aroan teknika puntillista ikasi zuen Seurat edo Pissarro bezalako maisuen eskutik. 1893an pintatu zuen «Las redes» da estilo honen adibide garbi bat. Baina ez zuen mota honetako koadro gehiegirik egin kalean pintatzeko aukera galarazten ziolako, eta berak kanpoan egindako artelanez gozatzen zuen gehienbat.

Argiaren garrantzia

Regoyosen etaparik ezagunena inpresionismoarena izan zen. Paisaiekin obsesionatuta zegoen eta zuzenean lantzen zituen irudiak, naturaletik kopiatuz, azkar eta aurretik zirriborrorik egin gabe. Horregatik, bere obran asko dira formatu txikiko koadroak, alde batetik bestera erraz eramateko modukoak. Argiari berebiziko garrantzia eman zion eta honen inguruan egin zuen hausnarketari esker «Aguacero, Bahía de Santoña» edo «La Concha, nocturno» bezalako lan ederrak eman zituen. Lehenengoan, ortzadar bat ageri da eta bigarrenean argiek eta itzalek ikuspuntu mistiko bat lortzen dute. Modernitatearen eredu diren trenak eta barkuak «El puente del Arenal» lanean ageri dira.

Fitxa

Erakusketa:

«Dario de Regoyos (1857-1913). Abentura inpresionista»

Non: Bilboko Arte Ederren Museoa, BBK Aretoa.

Noiz:

2013ko urriaren 7tik, 2014ko urtarrilaren 26ra arte.

Erakusketaren ibilbidea:

Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoa (2014-2-18 / 2014-6-1) eta Malagako Carmen Thyssen Museoa (2014-6-26 / 2014-10-12).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo