LOMCE, herri gisa erantzun beharreko erasoa
Ostegunean, Madrilgo Kongresuak Werten legea delakoa (LOMCE) onartuko du, Estatu espainol osoan arbuioa eragin duen legea. Zenbait lekutan, ordea, hala nola Katalunian eta Euskal Herrian, arbuio hori are handiagoa da, herrion aurkako erasoa delako, haien kulturaren, historiaren eta izatearen beraren aurkako erasoa, hain zuzen. Hego Euskal Herrian, hezkuntza arloko eragileen kezka nabarmena da, baita horien arbuioa ere, datorren larunbatean kalean nabarmenduko dutena. Erronka, ordea, ez da Madrilen inposizioa salatu eta hari ezezkoa ematea bakarrik. Hezkuntza sistema propioa ere bada helburua, Udalbiltzak adierazi zuen bezala, hezkuntza nazio zutabeetako bat da-eta.
Lakuako Gobernuak hezkuntzako zenbait eragile bilduko ditu bihar, EAEko lege berria taxutzen hasteko. Bestetik, atzo EH Bilduk Gasteizko Parlamentuan LOMCEri aurre egiteko oinarrien gaineko eztabaida monografiko bat egitea proposatu zuen, lege horri aurre egin eta ez aplikatzeko neurriei heltzeko, alegia. Eta Udabiltzak Ikastolen Elkartearekin egin zuen bilerak hasiera eman zion hezkuntza eragileekin egiteko asmoa duen bilera sailari. Hamaika ekimen, kontuan hartu behar dutenak Madrilek LOMCE ezarri nahi izatea herri oso bati egindako erasoa dela, eta horrenbestez, herri gisa aurre egin beharra dagoela. Hasteko, larunbatean, Bilbon.