GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Begietara begiratzen duten herriak

Atrebentzia da nire aldetik hiri handietan bizitzeak sor ditzakeen sentsazioei buruz mintzatzea, ikasketak tarteko «etxetik kanpo» egotea egokitu zitzaidanean ere, hiria alboratu eta nirea baino handiagoa zen herri baten aldeko apustua egin nuelako. Aspaldian, ordea, lagun batek eta biok asko hitz egin dugu herri txiki-handien paradojez, haietan bizitzeak dituen gozo eta garratzez.

Ikasle garairako aukeratutako «herri handiagoak» txiki-txiki sentiarazten ninduela esan izan dut nik askotan, betidanik iruditu izan zaidala ederra erosketak egitera irten eta bidean bati eta besteari agurtzen joatea, horrek norberaren pentsamenduetan murgilduta paseatzeko hiriak ematen dizkizun aukerak asko mugatzen baditu ere.

Herri txikiek begietara begiratzen dutela uste dut nik, onerako eta txarrerako, baina begietara zuzen-zuzen, azalera eta baita barrura. Horregatik da zaila herri txikietan askorik gordetzea, isiltzea, disimulatzea... Inor gustura eta kontent dagoenean ederra da begirada horren orratzak sumatzea, haietan irakurri dezaketenak ez zaituelako mintzen; alderantziz, kasu askotan poza isiltzea baino aireratzea nahiagoa duzulako, «irakur dezatela!». Bestelakoa da, ezer gorde nahi eta zuzenean baino zeharka iristea nahiko zenituzkeen begiek, bidezidorra hartuta iltzatzen zaizkizunean; leitzen duten hori, seguru asko, norberarentzat gordeta izatea gustatuko litzaizukeelako. Onak, ez hain onak eta txarrak, beraz.

Horiei bueltaka aritu gara aspaldian handi-txikiez, urrun-gertuez, anonimotasunaren onurez eta kalteez. Eta gu aukera horien inguruan ari ginen bitartean, herriaren gozo-garratzak utzi eta urruntasunaren gozo-garratzetarako bidean hil diren ehunka lagunen berriak jaso ditugu eta konturatu gara batzuetan zeinen ederra den begietara begiratzen zaituen herrian bizitzea eta zeinen aldrebesa, berriz, inoren zorigaiztoaren aurrean begiak ixten dituen herri batean begirada jarri behar izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo