Euskal Herriko III. Auzolan topaketak ospatuko dira asteburuan, Gernikan
GARA | GERNIKA
Asteburu honetan izango dira Auzolan ekimenaren urteko topaketa nagusiak, Gernikako Astran, «Ingo al deu?» lelopean. Ekimenak helburu argi bat du: Auzolan Gida osatzea. Gida azken bi urteotan eginiko gogoeta prozesuaren fruitua izango da eta oinarrizko galdera bati erantzungo dio: «Nola ase gure oinarrizko beharrak, merkatutik eta soldatapeko lanetik pasatu behar izan gabe?».
Ekimenaren sustatzaileek pasa den larunbatean eskaini zuten prentsaurrekoan iragarritakoaren arabera, gidaren zirriborro bat topaketetara aurkeztea da euren hasierako asmoa, ondoren «guztien parte hartzearekin eztabaidatu eta osatu ahal izateko». Topaketak burutu ostean ere izango da aukerarik ekarpena egiteko, hilabeteko epea irekiko baitute horretarako. Gidaren osatze prozesua azaroan amaitzea aurreikusten dute, abenduan argitaratzea baita euren asmoa.
Auzolan Gidan, besteak beste, gidaren beraren helburu nagusia jasoko dute, hau da, herritarron burujabetzaren ideia. Hala, helburu horretara iristeko bide bat proposatuko dute, arlo ezberdinetatik helduta, esaterako, elikadura, energia, etxebizitza, hezkuntza, osasuna, ura, zaborra edota garraioa. Halaber, Auzolan ekimenak azken urtean landu dituen bi gai ere jasoko dituzte: desobedientziarena eta euskal kultur ereduena.
Izaera teoriko-praktikoa izateko asmoarekin jaioko da gida, gai bakoitzari buruz ekimenaren barruan egindako gogoeta teorikoa jasoz eta esperientzia eta adibide praktikoak eskainiz.
Hiru egunetarako egitaraua
Ostiral arratsaldean emango diote hasiera topaketari, tokiko hazien trukerako gunearen irekierarekin. Era berean, dirurik gabeko azoka ere izango da, norberak eman nahi duena eraman eta behar dituenak hartzeko. Gidaren zirriborroa osatzen emango dute larunbata, «espazio irekia» delako metodoan. Igande goizean, aldiz, ezkur bilketa kolektiboa egingo dute, elikadura burujabetzaren gaiaren baitan.
Alde ludikoak ere izango du bere lekua eta hiru egunetan zehar tailerrak, haurrentzako jarduerak, hitzaldiak eta abar antolatu dituzte. Topaketetan parte hartzea doakoa izango da eta nahi duenak nahi duen unean hartu ahal izango du parte. Otorduak -5 euro, gutxi gorabeherakoa- eta lotarako lekua ere eskainiko dute.