GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

«Mirandes salbatzeko, jokalariok egin beharrekoa baino ez genuen egin»

p035_f01.jpg

Koikili Lertxundi

Futbolaria

Koikili Lertxundik bigarren denboraldia du Mirandesen. Bizkaitarrak iaz minutu asko jokatu zituen, eta aurten ere horrela ari da izaten, nahiz eta azkeneko bi partidak aulkitik ikusi dituen. Uda partean, talde gorritxoak elkarte anonimo egiteko dirua jarri behar izan zuenean, jokalari askok jarri zuten, eta tartean dago Otxandiokoa. Miranda aldean, urte oso onak ari omen da bizitzen.

Jon LEUNDA

Koikiliren kirol bizitza, futbolari langile batena da. Goi mailaraino iritsi da, baina inork ezer oparitu gabe, eta beheko mailetan lan handia egin ostean. Herriko taldean hasi zen, ume gehienak bezala, gero, Gasteizko Aurrera, Osasuna B, Gernika, Beasain, Sestao eta Athletic izan dira bere taldeak, eta orain, berriz, Mirandesen ari da jokatzen.

Nola doaz Mirandako bi urteak?

Oso ongi. Aldagela bikaina daukagu, giroa ere ezin hobea da, eta aurten emaitzak ere oso onak ari gara izaten. Ez gaude kexatzeko moduan.

Futbolaria bai, eta aurten enpresaria ere bai?

Horrela egokitu zen. Ustekabean geure burua Bigarren B Mailan ikusten genuen, eta zerbait egin beharra zegoen, eta zuzendaritzako kide batzuekin batera jokalariok ere dirua jarriz taldea Bigarren Mailan mantentzen lagundu genuen.

Konturatzen zarete askoren eredu bihurtu zaretela?

Bai, baina ez dakit hori ona den, ez dakit ezta jokalariok dirua jarri beharko ote genuen ere. Mirandesen gertatu zena, ordea, gauza berezia izan zen. Denok dakigu Bigarren Mailan aritzeko elkarte anonimo bihurtu behar dela, denek pasatu beharreko tramite bat da. Kontua da, ia akzioen erdia bertako jendeak erosi zituela, eta gainerakoak beste pertsona batek. Azkeneko unean, ordea, dirua jarri behar zuen hori ez zen agertu, eta zuzendaritza estu eta larri geratu zen, taldea ia Bigarren B Mailan zegoela. Azkenean denak batu, eta Mirandes salbatu genuen. Egin beharrekoa bakarrik egin genuen. Agian tramite hori ez da justuena, izan ere Mirandesek ez zuen inorekin zorrik, eta gu jaitsi baldin bagina, arazoekin zebilen talde bat salbatuko zen, baina araudia horrelakoa da.

Ordutik zaleek ematen dizueten babesa handiagoa al da?

Berez da beroa Mirandako zalea, eta garbi dago egoera honek oraindik eta gehiago batu gaituela. Emaitzak ere oso onak ari dira izaten, eta azken batean dena batu da. Mirandesek jarraitzaile oso onak ditu.

Iaztik zer aldatu da?

Gauza asko. Jokalari batzuk aldatu dira, entrenatzailea ere bai, eta batez ere eskarmentua. Entrenatzaile bakoitzak dauka bere liburuxka, eta horren arabera egiten da lan. Egia esan golak sartzea apur bat kostatzen zaigu, baina atzean sendo gaude. Aurten berdindu ditugun partida batzuk agian iaz galduko genituen, baina batzuetan zortea ere behar izaten da. Bai Pouso eta bai Arkonada oso entrenatzaile onak dira.

Nola bizi da Mirandan asteburuko Alavesen aurkako derbia?

Hemengo adineko jendeak dioenaren arabera, Alavesen aurkakoa omen da Mirandesen benetako derbia, eta jende guztia partida hori iristeko desiratzen dago. Azken batean hogei minutu daude Gasteiztik Mirandara. Dena dela, Burgos aipatutakoan ere, tentsioa azkar igotzen zaio hemengo jendeari.

Zein da aurtengo helburua?

Mailari eustea. Liga bikain hasi dugu, baina ez dugu burua galdu behar. Mailari eusteko behar ditugun puntuak ahalik eta azkarren lortzen baditugu, balioko digu beste helburu batzuetan pentsatzen hasteko. Bestalde, Mirandesen emaitza onak mesedegarriak dira euskal futbolarentzat. Bertan euskal jokalari asko gaude, eta badakit jende asko pozten dela gure emaitzak onak direnean.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo