GARA > Idatzia > Kultura

«Euskara jendea» dokumentalen estreinaldia hartuko dute datozen egunotan euskal hiriburuek

Hiru urteko lanaren ostean, burutua dago Zenbat Gara eta Ibaizabal-Mendebalde kultur elkarteek ekoitzitako «Euskara jendea» dokumental sorta. Euskararen zein Euskal Herriko historiaren berri ematen du.

p040_f01_98x105.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Hiru urte luze eman ditu Bilboko Zenbat Gara eta Ibaizabal-Mendebalde kultur elkarteetako hainbat kidek osatutako lantaldeak euskararen ikuspegitik Euskal Herriko historiaren berri ematen duen «Euskara jendea» dokumental sorta gauzatzeko, datozen egunotan euskal hiriburuetan estreinatuko dutena. Sorta osatzen duten 45 minutuko sei atalak ikusgai egongo dira hilabete honetan, eta hiriburu bakoitzak atal bana hartuko du.

Ostegun honetan, 20.30ean, Mauleko Zinka ostatuan ikusi ahal izango da aurrenekoa, «Historiaren atarian». Ostiralean, berriz, «Erromako Inperioan» izeneko bigarren atala proiektatuko dute Gasteizko Artium museoan, 19.30ean. «Aniztasunaren bidean» eta «Mugetan gaindi» urriaren 17an eta 18an ikusi ahal izango dira Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan eta Baionako Euskal Museoan, hurrenez hurren.

Azken biak, «Gerren arteko berpizkundea» eta «Mundua osatzen», Donostiako San Telmo museoan eta Bilboko Kafe Antzokian botako dituzte.

Zinema jaialdiak eta ETB

Estreinaldi sasoietan ez ezik, Bilboko Zinebi jaialdian eta Bidasoako Arkeologia Zinemaldian ere ikusgai egongo dira dokumentalak: Bilbok lehena hartuko du eta Irunek bigarrengoa.

Azaroaren erdialdean, bestalde, sei dokumentalak DVD euskarrian kutxa batean kaleratuko dituzte egileek, Durangoko Azokara begira ere arrakasta izango duelakoan. Hezkuntza zentroetan erabiltzeko zenbait ataza pedagogiko ere prestatu dituzte egileek.

Zein egunetan zehazteke badago ere, ETBk sorta oso-osorik emango du.

Juan Carlos Etxegoien Juanarena Xamar idazlearen «Euskara jendea: Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza» (Pamiela, 2006) liburua izan du abiapuntu euskararen gainean diren hutsuneak betetzera etorria den dibulgazio lan hau, hiztun komunitatearen eboluzioa ardatz hartuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo